Ordiziako Eguberrietako azoka, asteartera aurreratu dute
Abenduaren 23an izango da urteko azken Ordiziako Azoka berezia.
Errege-sagarrak Garagartza plazan egongo dira salgai.Tere Madinabeitia. Abenduaren 23ra, asteartera, aurreratu dute aurten Eguberrietako azoka berezia Ordizian. Data aldaketa erabakitzerakoan, udalak iazko esperientzia hartu du kontuan: “Iazko esperientziak argi erakutsi zuen zenbait egoeratan azoka berezia eta Gabonetako egitaraua uztartzea zaila dela. Izan ere, iaz Eguberri eta Urte Berri egunak asteazkenean egokitu zirenez, azoka berezia abenduaren 24an, asteartean, ospatu zen. Ondorengo balorazioak, ordea, hainbat arazo agerian utzi zituen”.
Adur Ezenarro alkateak zehaztu duenez, “Ordizian Gabon Gauaren bueltan antolatzen diren jarduerak eta horiek eskatzen duten logistika ez dira bateragarriak azoka berezi baten antolakuntzarekin”. Izan ere, azoka bereziak, “ohiko azokaz gain, postu bereziak, haurrentzako jarduerak, animalien guneak eta bestelako azpiegiturak eskatzen ditu, eta horiek guztiek antolaketa eta denbora handia behar dute”.
Beraz, “ez da bideragarria goizeko azoka berezia amaitu ondoren dena desmuntatu, garbitu eta, arratsaldeko lehen orduan ospatzen den Olentzeroren etorrera prestatzeko behar diren lan guztiak garaiz egitea”, gaineratu du alkateak. Horrez gain, iaz goizean zehar ere arazoak sortu zirela dio, “ikastetxeetako ikasle guztiak kantu eskean atera zirenean, azokako postu eta jende andanarekin bat eginda”.
Gainera, “salmentak jaitsi ziren, eta bisitan etortzen diren familia asko ez ziren gerturatu, Eguberri bezperan norberaren herrietan jarduerak izan ohi direlako”, azaldu du Ezenarrok. Testuinguru horretan, aurten azoka berezia abenduaren 23an, asteartean, ospatzea erabaki da.
Urteko azkenekoa, asteazkenean
Dena den, urteko azkeneko azoka, asteazkenean, abenduaren 31n egingo da, urte osoan egiten den bezala. “Udal langileek muntaketa, desmuntaketa eta garbiketa lanak egingo dituzte ohiko eran, baina azoka berezia eta jai egun hauetako programa bateratzea ez da bideragarria”.
Azkenik, alkateak, azokako saltzaileekin urtarrilean bertan 2026ko egutegia “landu eta adosteko” elkartzeko asmoa azaldu du, “aldaketen balizko erabakiak ahalik eta azkarren eta adostasun handienarekin hartzeko”.
Eguberrietako azoka berezia
Abenduaren 23an, ospatuko da urteko azken Ordiziako Azoka berezia, Eguberrietakoa, 09:00etatik aurrera. Plaza Nagusiko ohiko postuez gain, artisautza eta produktu gastronomikoen salmenta postuak izango dira.
Garagartza plazan, Euskal Herriko errege-sagarren, fruta eta fruta lehorren erakusketa eta salmenta izango da, eta pilotaleku txikian, asto, pony, txerri, ardi eta ahuntzen erakusketa.
10:00etatik 14:00etara bitartean, Beti Alai pilotalekuan, Kulki haurrentzako jolasak, Baserriko herri kirolak, izango dira haurrentzat.
11:00etan, azkenik, udaletxe azpian, aurten nazioarte mailan sariak irabazi dituzten gaztandegiei esker oneko ekitaldia egingo diete.
19:00etan, Idiazabal Gazta kofradiako gazta dastaketa izango da, Barrenan.













