Haurrentzako jolas parkea jarriko dute Legazpin Gabonetan
Abenduaren 29tik 31ra bitartean egongo da irekia, Urbeltz pilotalekuan eta Azokan. Txu-Txu trena ere ibiliko da hiru egunetan herriko kaleetan zehar.
Aurten ere Gabonetan haurrentzako jolas parkea izango da Legazpin. Abenduaren 29tik 31ra bitartean egongo da irekia, Urbeltz pilotalekuan eta Azokan. Beste urte batzuetan bezala, Txu-Txu trena ere ibiliko da hiru egunetan herriko kaleetan zehar.
Abenduak 29an, astelehena, 16:00etatik 19:30era egongo da irekita, asteartean 10:30etik 14:00etara eta 16:00etik 19:30era, eta asteazkenean 10:00etik 13:00etara. Saio bakoitzerako sarrera 2,5 eurokoa izango da, hau da goizean 2,5 euro eta arratsaldean beste 2,5 euro ordaindu beharko dira.
Gune desberdinetan banatutako jolasak
Gabonetako parkean 2 eta 14 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzako jolasak egongo dira. Urbeltz pilotalekuko pistan hiru gune desberdin egongo dira. Hala, 2-5 urtekoen gunean bi puzgarri eta ludoteka egongo dira, psikomotrizitateko gailuekin eta moketadun lurzoruarekin. 6-10 urtekoen gunean txirrista eta puzgarri bana jarriko dituzte, eta 11-14 urtekoen gunean, giza futbolina, pista army eta bungee-run.
Pilotalekuko goiko aldean, berriz, joko interaktiboetako pantailak, futbol mahaiak eta paleta-gol jokoa egongo dira alde batetik, eta bestetik. Sorgintxuloren gunea egongo da, makillaje, kareta, postal eta marrazkien txokorrekin.
Azokan, azkenik, trineoa egongo da.
Txu-Txu trena
Txu-txu trena ere ibiliko da hiru egun horietan Legazpiko kaleetan, eta Gabonetako parkearen ordutegi berdina izango du. Doakoak izango dira bidaiak, eta ibilbidea, honako hau: Euskal Herria plazatik irtenda, Laubide auzoko errotondaraino igoko da, eta bertan jaisteko aukera egongo da. Laubiden geldialdia egingo du, eta tokirik egonez gero, igotzeko aukera ere emango du.
Abenduaren 30eko goizeko lehenengo bidaietan, Txu-Txu trenak ibilbide berezia egingo du, Eguneko Zentroko, Santikutz egoitzako eta Meaztiko erabiltzaileekin eta haien familiekin.













