Legazpiko San Silvestre lasterketa seigarren ediziora iritsiko da
Izena emateko epea irekita dago. Banaka edo bikoteka parte hartu ahal izango da, eta mozorrotuta ere joan daiteke. Lasterketa handiaren aurretik SAn Silvestre txikia egingo da, LH1etik 6ra bitarteko ikasleentzat.
Iazko San Silvestre, Kale Nagusian. Urteko azken egunean Legazpin egingo den San Silvestre lasterketak seigarren edizioa beteko du aurten. Urtez urte legazpiar gehiago biltzen dituen kirol proba da, festa giroarekin uztartzen dena. Aurten San Silvestre Txikia ere antolatu dute, eta bigarren edizioa izango da.
Korrikalari txikien hitzordua 16:30ean izango da, Kale Nagusian, dortsalak jasotzeko, aurrez izena eman gabe. LH1etik LH6ra bitarteko ikasleei zuzenduta proba da. Partaide guztiek opari bat jasoko dute.
Lasterketa handia
Ordu erdira, 17:00etan VI. San Silvestre herrikoiaren txanda izango da, 16 urtetik gorakoentzat. Parte hartzeko bi modalitate izango ditu probak, banaka edo bikoteka, eta bere osagairik dibertigarrienetako bat mantenduko du: mozorrotuta korrika egiteko aukera, mozorro onenaren saria barne.
Lasterketa handiaren ibilbidea bost kilometrokoa izango da, Kale Nagusian hasita eta amaituta. Aurten, ibilbideko arrapalak leundu dituzte, jende gehiago parte hartzera animatzeko. Honetarako izen-ematea zabalik dago abenduaren 30era arte www.kronoak.com webgunean. Kostua 6 eurokoa da banakako modalitatean, eta 12 eurokoa bikotekoan. Partaideen kopurua mugatua da.
Lehen sailkatuentzako garaikurrak egongo dira eta amaieran gisa, gainerako korrikalarien artean hainbat opari zozkatuko ditzute, bertako denda eta enpresen lankidetzari esker.













