Beasain Kirol Elkartearentzat izan da Kirol Sari Nagusia
Emakumeak eta gizonak, beteranoak eta gazteak, zein taldeak eta ekimen sozialak saritu dira. Beasaingo Kirol Elkartearentzat izan dira banatutako sei sarietako bi: Gizonezkoen Kirol Saria eta Kirol Sari Nagusia.
Beasain K.E. 2.RFEF mutilen taldea. Izaro Villarreal Goraino bete da Beasaingo Igartza jauregia beste behin ere kirolari, elkarte eta erakundeen urte amaierako aitortza handiaren kirol jaiean. Hamargarren urteurren berezian, saridunen aniztasunak herriko kirolaren argazki zabal eta bizia marraztu du, emakumeak eta gizonak, beteranoak eta gazteak, zein taldeak eta ekimen sozialak saritu baitira.
Herritarrak izan dira aurtengoan ere sarituak izateko hautagaiak proposatzeko aukera izan dutenak. Ondoren, epaimahaiak proposamen guztiak aztertu, izengaien merezimenduak baloratu eta urteko sariak jakinarazi ditu.
Beasain Kirol Elkartearentzat izan da gaurkoan Beasaingo Kirol Sari Nagusia. Gainerakoan, beste sei errekonozimendu egin dituzte eta modu batera edo bestera aurten kirol zein ekitaldi ezberdinetan nabarmentzea lortu duten elkarte zein kirolariek jaso dute saria: saskibaloiko BKL neska beteranoen taldeak, futboleko Beasain K.E. 2.RFEF mutilen taldeak, AMPO babesleak, Beti Bizi elkarteak antolatzen duen San Silvestre Krosak, Txema Agirre fisioterapeutak eta datorren urtean ediziorik izango ez duen Ehunmilak Ultratrail trilogiaren antolakuntzak. Beasaingo herriari egin dioten ekarpenagatik, aurtengoan lortutako emaitzengatik eta egunero-egunero egiten duten “lan nekaezinagatik” saritu dituzte.
Aipamen bereziak ere egin dituzte, denera bederatzi kirolari zein elkarteei: Maitane Garro, Beñat Azketa, Malen Higuero, Manex Gibelalde, Batzokia Kultur Elkartea, Goierri Gorri, Koldo Galarreta, Naxara Odriozola eta Aritz Aldasoro.
Hemen ekitaldiko sarituen argazkiak:













