Gari Garmendiak irabazi du Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa
Idiazabalgo harri-jasotzaileak lehen aldiz jantzi du txapela hori Asteasuko Usarrabi pilotalekuan, 7.100 kilo jasota. Bestalde, Xabier Aranburu 'Guzta' idiazabaldarrak marka saiakera egingo du Urtezahar egunean 200 kiloko harri kubikoarekin frontoi berean.
Gari Garmendia, herenegun, Asteasuko Usarrabi pilotalekuan.Leyre Carrasco / Tolosaldeko Ataria Gari Garmendiak harri-jasotzaile idiazabaldarrak Euskal Herriko Harri Handien txapelketa irabazi zuen igandean Asteasuko Usarrabi pilotalekuan. Guztira 7.100 kilo jaso zituen. Bigarren Jokin Eizmendi zarauztarra sailkatu zen –6.750 kilo– eta hirugarren Sergio Mielgo madrildarra –3.775 kilo–.
Hiru harri jasotzaileek lau harri desberdin jaso behar izan zituzten; 200 kiloko errektangularra, 175 kiloko zilindroa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola.
Eizmendik lortu zituen jasoaldi gehien harri errektangularrekin –zortzi jasoaldi eginda–. Garmendiak sei egin zituen. Zilindroarekin, berriz, idiazabaldarra nagusitu zen, guztira hamahiru jasoaldi eginda eta zarauztarrak hamar jasoaldi egin zituen. Zarauztarra berriro nagusitu zen kubikoarekin, guztira hamaika jasoaldi eginda eta idiazabaldarra, berriz, hamar egin zituen. Idiazabaldarrak lortu zuen azken harriarekin jasoaldi gehien egitea –guztira hamazazpi–, garaipena lortuz.
Guztaren marka ahalegina
Asteasun herri kiroletako beste hitzordu bat izango da Urtezahar egunean: Kirol Herri txapelketa. Aizkolarien eta harri jasotzaileen bakarkako finalak jokatuko dira, 17:00etan hasita, Usarrabi pilotalekuan. Egun horretan, gainera, Xabier Aranburu Guzta idiazabaldarrak marka saiaketa egingo du, 200 kiloko kubikoarekin. Sarrera 15 eurokoa izango da eta egunean bertan eskuratu ahal izango da.
Kronika guztia eta argazkiak Ataria.eus webgunean ikus daitezke.

Euskal Herriko Harri Handien txapelketako partaideak, herenegun, Asteasun.Leyre Carrasco / Tolosaldeko Ataria













