Ordiziako Eguberrietako aparteko feria iruditan
Garagartza plazan, Ordizia, Urdaneta eta Andre Mari kaleetan fruta, elikagai eta artisau postuak jarri dituzte; Beti-Alai pilotalekuan jolasak izan dira eta haren atarian abere erakusketa.
Ponyak, gaur, Ordiziako Eguberrietako aparteko azokan.Iñaki Gurrutxaga Asteazkenetik asteartera aurreratuta, gaur goiz-eguerdian egin dute Ordiziako Eguberrietako aparteko feria. Dultzaineroak eta trikitilariak kalea girotzen, Plaza Nagusiko ohiko eskaintzatik aparte egon da zer ikusi eta erosia Ordizian. Hori bai, goiz osoan langarra egin du etengabe.
Garagartza plazan Euskal Herriko Errege sagarren erakusketa eta salmenta postuak izan dira, eta Ordizia, Urdaneta eta Andre Mari kaleetan bestelako elikagai eta artisau postuak. Estimu handia izan dute beste behin ere talogileek: Segurako Plaza Nagusiaren iskin batean, Ataungoak Urdaneta kalearen hasieran.
Ardirik eta ahuntzik ez
Beti-Alai pilotalekuaren barrenean Kulki haurrentzako jolasak, eta pilotalekuan abere erakusketa. Ponyak, txerrama bat txerrikumeekin eta bi asto. Ardiak eta ahuntzak ere izatekoak ziren, baina dermatosi nodularra gaitza dela berriz ere hainbat abere kalera ateratzeko debekua ezarria du Eusko Jaurlaritzak.
Goiz-erdian beste ekitaldi bat ere egin dute udaletxeko arkupeetan. Idiazabal Gazta Jatorri Izendapenak aurten nazioartean sariak lortu dituzten 21 gaztagileri aitortza egin die.
Arratsaldean, 19:00etan, Idiazabal Gazta, azokako sagar eta haren eratorrien dastaketa egingo dute D’elikatuz zentroan.
Mariskadaren zozketa
Gaur egunez, euskal preso, deportatu eta iheslarien aldeko mariskadaren zozketa ere egin dute. 2062 izan da zenbaki saritua, eta 3276 ordezkoa.













