Urteko azken ferian, berritasun gutxi
Montes haztegiko Patxi Izagirrek hurrengo urterako lana proposatu du, marrubi landareak salgai jarrita.
Hotzarekin, saltzaile batzuen faltarekin eta berritasun batekin agurtu du urtea gaur Ordiziako azokak. Urteko azken egunak azken asteazkenarekin egin du bat aurten, eta ordiziar eta goierritar askok feria baliatu dute gaurko afarirako eta biharko bazkarirako erosketa batzuk egiteko.
Eta erostekorik ez zen falta. Barazkiak, fruta, gazta, ogia, gozoak, eztia… otordu horietarako oso aproposak guztiak. Barazkien artean, azpimarratzekoa izan da porrua, salda eta zopa egiteko oso estimatua delako. Ia postu guztietan zegoen salgai, sorta 2,5 eta 3 euro artean. Zopa egiteko zopakoa erabiltzen dutenak ere badira, eta Maite Iturbe okinak izan ditu salgai, baita saldu ere, 1,35 euroan. Eta uraza edo letxuga ere horrelako ospakizunetako otorduetan asko erabiltzen den barazkia da, eta ferian ugari izaten da (euro bat eta bi euro artean), baita eskarolak ere, izan lisoak izan kixkurrak (1,5-3 euro artean). Bestetik, errezil sagarrak ere ondo saldu dira, etxe batzuetan oraindik mantentzen delako konpota egiteko ohitura.
Mahatsa izar Zuhaiztian
Plaza Nagusitik aparte, Zuhaiztian, izan da beste produktu izar bat gaur: mahatsa. Urte amaiera eta berriaren iritsiera 12 mahats ale janez ospatzeko ohitura handia dago, eta gaur asko joan dira fruta saltzaileengana bere errazioak erostera. Aledo motakoa da garai hauetan saltzen dena, eta gaur 3,95 euro inguruan zuten salgai.
Baina pepitarik gabea ere asko erosten du jendeak, eta hori ere bazuten fruta saltzaileek, kiloa 4,95 eta 7 euro artean.
Piña ere asko jaten da egun hauetan. Hego Ameriketatik ekarritakoa da batez ere, eta erabilitako garraiobidearen arabera, bi preziotakoak daude: barkuan ekarritakoaren kiloa, 2,5 euroan dago, eta hegazkinez ekarritakoarena 5,9 eta 6,5 euro artean.
Marrubi landareak
Bestela, nahiz eta garai hauek ez diren oso aproposak berritasunetarako, izan da gaurkoan produktu berri bat. Barazki landareen atalean izan da berritasun hori, eta Ibarrako Montes landare ekoizle eta saltzaileek aurkeztu dute: marrubia.
Oraindik goiz samar bada ere, leku babestuetan aldatu daiteke fruta landare hau. Montesek berak hazitakoa da, eta txikia izan arren, dagoeneko lorea badu. Landarearen prezioa euro batekoa da. Montesekoak datorren urteko lanei begira jarri dituzte horrela erosleak.
Onddoak, oliotan eta deshidratatuta
Perretxikoei dagokienez, Mikel Lasaren postuan bakarrik zeuden gaur salgai: 25 kilo ziza hori, 39 euroan kiloa: 25 kilo saltsa perretxiko beltz, 39 euroan; eta 15 kilo mendiko angula, 26 euroan.
Ondorik ez zegoen gaur ere, baina oliotan kontserbatuta (350 gramoko potea 8,5 euroan, eta 265 gramokoa 4,5 euroan), eta lehortuta edo deshidratatuta (80 gramoko poltsa, 8 eurona) erosi zitekeen postu berean.














