Boxeoa eta faxismoaren aurkako hitzaldia Legazpin, larunbatean
Goierriko Gazte Koordinadora Sozialistak antolatuta, boxeo saio irekiak, faxismoaren aurkako hitzaldia eta kirol ikuskizuna izango dira goizean eta arratsaldean zehar, Azokan eta Urbeltz pilotalekuan.
Legazpiko Ukabilka taldeak sortu berritan Gaztetxean egin zuen boxeo entrenamendu irekia. Boxeoa eta borroka abiapuntu hartuta, Goierriko Gazte Koordinadora Sozialistak aldarrikapen eta kirol eguna antolatu du larunbaterako, Legazpin. Egun osorako egitaraua prestatu dute, eta urtarrilaren 31n Bilbon eta Iruñean Faxismoari eta estatuen autoritarismoari aurre egin lemapean egingo diren mobilizazioen atarikoa izango da.
Goizean, boxeo saio irekiak izango dira Azokan, 11:00etatik aurrera, Legazpi bertako Ukabilka eta Goierriko Harrobi borroka taldeen eskutik. Azokan jarraituko dute ekitaldiek arratsaldean, eta 17:30ean Mugimendu faxistaren gorakada eta estatuen autoritarismoa izenburuko hitzaldia egingo dute bertan. Egunari amaiera emateko kirol ikuskizuna eskainiko dute 19:30ean, Urbeltz pilotalekuan, 5 euroko sarrerarekin.













