Ertotxe Etxearen erosketa sinatuta, urrats bat gertuago
‘Gaintza Egiten’ parte hartze prozesuko hurrengo batzarra urtarrilaren 17an da. 2025a «urte zaila» izan dela jakinarazi du udal taldeak, baliabide faltak tarteko. 2026ko ordenantza fiskalak onartu dituzte. Ertotxe Etxea ondasun publiko izateko proiektua aurrera doa; erosketaren hitzarmena sinatu dute.
Ertotxe Etxearen erosketa sinatu du Gaintzako Udalak. Jon Gorrotxategi alkatea, eskubian. Gaintzako Udala Gaintza Egiten herriko erabakien parte izateko asmoarekin 2025 hasieran jaio zen parte hartze prozesua da, eta ordutik hainbat saio egin dituzte. Herritarren parte-hartzea «zabala» izan zela adierazi zuen alkateak aurreneko saioaren ostean, eta oro har, herritarrak «gustura» zeudela, «informazio zuzena jasotzeagatik eta udalak hartu beharreko zenbait erabakietan parte hartzeko aukera izateagatik». Batzarrak egin eta herritarrek parte hartzeko espazioa izaten da, baina, herritarrak une oro informatuta mantentzeko ere, hileroko agerkari digitala sortu zuten, eta horrekin jo eta su dabiltza.
Hala, urte osoa lanean jardun ondoren, urte berrirako esku artean dituzten proiektuen berri eman zuten abenduan ondu zuten urteko azken agerkarian, eta datorren batzarreko hitzordua ere finkatu zuten: urtarrilaren 17an, goizeko 10:00etan, elkartuko dira udaletxean herritarrak. Legealdiaren azken laurdenean aurki sartuko direnez, hurrengo hilabeteetako ildoak herritarrekin marraztu nahi dituzte, iritziak elkarbanatu eta herritarrekin batera erabakiak hartzeko. Udal ordezkariak ziur dira udal taldearen lana «erraztuko» duela horrek.
2025a urte «zaila»
2026ko erronketan sartu aurretik, 2025eko balantzea ere egin nahi izan dute. Ziurtatu dute igarotakoa urte «zaila» izan dela udal taldearentzat: administrazio sailean izan dituzten aldaketak tarteko, izan duten idazkari falta tarteko, ekainean izandako euriteak eta horrek guztiak ekarritako ondorioak tarteko, udal taldeko kideen kargu uzteak tarteko… 2025a ez da urte makala izan Gaintzako Udalarentzat, baina azaldu dute «egoera birbideratzen» ari direla gutxika-gutxika, eta urte berriko lan erritmoari heltzeko «prest» daudela.
Zentzu horretan, Eguberrietako oporren aurretik egindako Osoko Bilkuran dagoeneko onartu zituzten 2026rako ordenantza fiskalak. Berrikuntza bezala, kontribuzioarekin egindako akatsaren zuzenketa etorriko dela azaldu dute, «zerga txikitze nabarmenarekin». Hondakinen tasak, bestalde, igoera izango duela azaldu dute eta aldiz, ibilgailu zein zerbitzuena berdin geratuko direla. Familia ugarien titularrentzako IBIa ordaintzerakoan, berriz, %50eko hobariak ezartzea onartu dute.
Aurrerapausoak
Ondo bidean, urte itxaropentsua behar luke 2026ak gaintzarrentzat, proiektu garrantzitsuak baitituzte esku artean. Izan ere, jakina da udalak etxebizitzen alorrari dagokionez aspaldian izan duen asmoa, baina udal eraikina etxebizitzetara birgaitzeko planoak eta aurrekontuak esku artean dituzten honetan, Aldundiko Etorlurrek promozioa egiteko aukera eskaini dietela azaldu dute. Modu horretan, beste hiru etxebizitza babestu eraiki ahal izango lituzkete Gaintzan, «herriko gazteei bideratzeko». Eta ez hori bakarrik. Udaletxe zaharra berritzeko finantziazioa lortuko luketenez, betiko eraikinera lekualdatuko litzateke udaletxea.
Ertotxe etxearen erosketak ere aurrera jarraitzen duela jakinarazi dute. Betidanik oso sentitua izan da Gaintzako Erretore Etxea, eta 2024tik hura herriaren jabetzakoa izateko ahaleginak egiten aritu da udala, herriari bideraturiko ondasun publiko izateko. Orain, badirudi horretarako aukerak biderkatu direla, eta etorkizunean hala izateko aukera ofiziala da orain. Izan ere, Ertotxe etxearen erosketa gauzatu duen hitzarmena sinatu dute dagoeneko, eta hitzartutakoaren arabera, 2027an azken ordainketa egiten denean sinatuko dira eskriturak. Hala ere, adierazi dute aurreratzeko aukera ere sor daitekeela, baldin eta egitasmoaren gauzatzeak hala eskatzen badu. Hiru urteetarako balio izango du hitzarmenak, eta herriak iazko parte hartze prozesuan erabaki zuen eraikinaren eraberritzeari ekin ahal izango diote, besteak beste.

Gaintzako Ertotxe Etxea, artxiboko irudian.













