G004 autobus linea, Legorreta eta Itsasondoraino
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak GO04a luzatu du Legorretara eta Itsasondora, ikasleak klasera iritsi ahal izatea bermatzeko. Urtarrilaren 19tik aurrera, 7:10ean Ordiziatik ateratzen zen GO04 lineako autobusa 6:55ean irtengo da Legorretatik eta 7:00etan igaroko da Itsasondotik.
Azahara Dominguez diputatua Legorretan izan da gaur.GFA Legorretako eta Itsasondoko guraso talde batek egindako eskaerari erantzunez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak GO04 (Legorreta-Itsasondo-Ordizia-Beasain-Lazkao-Ataun) linea luzatuko du Legorretara eta Itsasondora iristeko. Era horretan, Azahara Dominguez diputatuak jakinarazi duenez, urtarrilaren 19tik aurrera, 7:10ean Ordiziatik ateratzen zen GO04 lineako autobusa 6:55ean irtengo da Legorretatik eta 7:00etan igaroko da Itsasondotik. “Horrela, Beasaingo Txindoki institutuan eta Goierri eskolan ikasten duten herri hauetako gazteak klasera iristea bermatuko da. Gainera, Urola Garaia eta Goierri Donostiarekin konektatzen duen linearekin (GO07) konektatzea erraztuko da”.
Gaur Legorretako eta Itsasondoko herritarrekin, eta Iñaki Agirre Legorretako alkatearekin elkartu da Dominguez. Bileran, aldaketa horren berri emateaz gain, diputatuak gogorarazi du garraio publikoa “zerbitzu bizia” dela, eta “malgua” izan behar duela, “herritarren behar aldakorretara egokitzeko”. Horregatik, “entzute aktiboaren eta erakundeen arteko eta herritarrekiko lankidetzaren alde” agertu da, “guztion artean autobus-zerbitzu hobea izaten laguntzeko”.
Itsasondoko eta Legorretako guraso taldeak mugikortasun diputatuari eskerrak eman dizkiote, “jasotako arretagatik eta egindako eskaerari erantzun izanagatik”. Gainera, “herri txikietan garraio publikoa sustatzea eta hobetzen jarraitzea ezinbestekoa da gazteek eguneroko bizitzan erabiltzeko ohitura hartu dezaten”, esan dute.













