Andraitz saskibaloi klubeko mutil kadeteak, Gipuzkoako urrezko mailara igotzeko lehian
Igoera lortzeko lehen partida bihar izango dute, Bikuñan, 11:00etan. Hori irabaziz gero, beste bat jokatu beharko dute igandean. Klubak animatzera joateko deia zabaldu die zaletuei.
Legazpiko Andraitz saskibaloi klubeko kadete mailako mutilen Andraitz-CIE Legazpi taldeak hitzordu garrantzitsua du bihar Antigua Luberri taldearen aurka, txapelketaren hurrengo fasea maila bat gorago jokatzeko aukera duelako jokoan. Bikuña kiroldegian izango da partida, 11:00etan. Oraingo zilarrezko mailatik urrezko mailara igoera lortzeko, partida hau irabazi eta beste bat jokatu beharko luke igandean Legazpiko taldeak.
Saskibaloi klubak dei berezia egiten die zaletuei, partida horretara joan eta kadeteak animatzeko.
Lehen fase bikaina
Legazpiarrek amaitu berria dute Zilarrezko Errendimenduaren mailako txapelketako lehen fasea, eta 14 partida jokatu ondoren, hirugarren sailkatu da bere taldean. Fase honetan, bederatzi partida irabazi ditu, eta bost galdu. Faseko irabazlea Urumea Euskaltegi Añorga Saski izan da, eta hori zuzenean igo da Urrezko mailara. Hurrengo lau sailkatuen arteko kanporaketan erabakiko da zein den maila lortuko duen bigarren taldea.
Antin Atletico Sn Sn izan da bigarrena, eta bosgarren sailkatu den Iruki Take izango du aurkari kanporaketa honetan, bihar. Andraitzek, berriz, laugarren geratu den Antigua Luberri izango du aurkari. Bi partida horietako irabazleek elkarren aurka jokatuko dute igandean, hoberen sailkatutako taldearen pistan.
Pareko aurkaria
Bihar aurkari izango duten taldearen kontra lehen fasean jokatutako bi partidetan garaipena eta porrota izan dute legazpiarrek. Legazpin jokatu zuten lehen partida, eta 54-49 irabazi zuten etxekoek. Bigarrena Donostian jokatu zuten, eta luzapenean 101-96 irabazi zuten donostiarrek. Bi emaitza horien ondorioz, biharko norgehiagoka oso parekatua eta “oso polita” izango dela aurreikusten da.
Legazpiarrek irabaziz gero, igandean Donostiara joango beharko luke Antin Atletico Sn Sn-Iruki Take arteen arteko partida lehen taldeak irabaziko balu. Iruki Takek irabaziz gero, partida hori Bikuñan izango litzateke, 12:00etan.
Beraz, urrezko errendimenduko mailara igotzeko, lehenik larunbateko partida irabazi beharko dute legazpiarrek, eta gero, igandekoa. Erronka polita dute aurretik.













