Legazpin abiatuko da larunbatean Euskal Herriko gazteen aurresku txapelketa
Lehen kanporaketa honetan Sustraiak taldeko lau dantzarik parte hartuko dute, baina txapelketa osoan beste sei ere izango dira lehian. Goierriko ordezkari bakarrak dira. Finaletako bat, D sailekoa, Legazpin jokatuko da, maiatzaren 16an.
Txapelketan parte hartuko duten dantzarietako batzuk, biharko saiokoak: ezkerretik eskuinera, Mikele Balentziaga, Sara Escudero, Nora Lafuente eta Araitz Mantxola.
Sustraiak Legazpin abiatuko da bihar Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatutako gazteen 8. gipuzkoar erako aurresku txapelketa. Sustraiak dantza taldeak eta udalak prestatu dute lehen saioa. Latxartegin izango da, 16:30ean hasita, eta bertan, 26 dantzarik parte hartuko dute, tartean lau legazpiarrek.
Lehen kanporaketa honetan A eta B saileko dantzariek parte hartuko dute, hau da, 2013 eta 2018 urte bitartean jaiotakoek. B sailean hamabi dantzari izango dira lehian, eta horien artean Sustraiak taldeko Nora Lafuente, Mikele Balentziaga eta Araitz Mantxola egongo dira. A sailean, berriz, hamalau dantzarik parte hartuko dute, eta Legazpiko ordezkaria ere izango da, Sara Escudero. Yisha Wang legazpiarra ere B sailean lehiatuko da, baina beste kanporaketa batean parte hartuko du.
Latxartegiko saioan Punta Motz eta Agurra dantzatu beharko dute A sailekoek, eta Erribera eta Zortzikoa B sailekoek. Goiz Deia txistulari bandak jarriko die musika.
D saileko finala, Legazpin maiatzean
Aurresku txapelketa honek D saila ere badu, 2011n eta 2012an jaiotakoena. Horretan ere izango dira legazpiarrak: Alaitz Agirre, Araitz Berasategi, Jon Alberdi, June Osinalde eta Nora Escudero.
Legazpiarrak dira txapelketan parte hartuko duten goierritar bakarrak.
Txapelketa ligaxka eran jokatuko da sail guztietan, eta Legazpiko saioaren ondoren, Villabonan, Oairtzunen, Hernanin eta Donostian izango dira kanporaketak. Finalak maiatzean izango dira: D sailarena, Legazpin, maiatzaren 16an, eta A eta B sailena Errenterian, maiatzaren 24an.













