Legorretak 2,4 milioi euroko udal aurrekontua izango du 2026an
Zehazki 2.398.525 eurokoa izango da, aurreko urtean baino %8,83 handiagoa. Inbertsiotarako 248.446,18 euro izango ditu aurten Legorretako Udalak.
Apaiz etxea.Loinaz Agirre. Legorretako Udalak 2.398.525 euroko aurrekontua izango du aurten, abenduaren 17ko osoko bilkuran, EH Bilduren aldeko bost botoekin onartua. EAJko lau zinegotziek aurka bozkatu zuten. Iazko aurrekontuarekin alderatuta, %8,83 (194.655,5 euro) handiagoa izango da. Iñaki Agirre alkatearen esanetan, «datorren ekitaldiko sarrera arruntak %8,3 igo dira, batik bat zerga eta tasen igoerengatik, jarduera ekonomikoen tasan egon den aldaketarengatik eta udalak finantzatzeko foru funtsetik iaz baino 67.071 euro gehiago jasoko direlako».
Gastuei dagokienean, pertsonal gastuetan %11,77ko igoera aurreikusi dute, «soldata igoera eta belaunaldi erreleboak eragingo duen gastua kontuan izan direlako». Guztira, gastu arruntak aurrekontuaren %38,33a izango dira, eta hor sartzen dira, «beste hainbat gasturen artean, udalarentzako horren garrantzitsuak diren lehen mailako gizarte laguntza eta zerbitzuak (123.500 euro), eguneko arreta zerbitzua (51.000 euro), Herria Bidelagun egitasmoa (29.000 euro), kultur ekintzak, udalekuak eta herriko festak (117.000 euro), berdintasun alorrean burutzen diren ekintzak (32.500 euro)…». Gastuen beste %15,11, «udalaz gaindiko erakunde, herriko eragile, euskarazko hedabide eta abarretara bideratuko da».
Inbertsioak
2026an inbertsioetarako 248.446,18 euro izango ditu udalak. «Inbertsioen zati handi bat, herritarrekin batera bi parte-hartze prozesuetan definitu diren bi proiektuetara bideratuko da: Apaiz Etxearen proiektura eta jolas parkeen eraberritzera».
Bestalde, udal eraikinetan hobekuntzak egingo dituzte, «udalarenak diren eraikinen artean telekomunikazioetarako sarea sortuko dute, eskolako ekipamenduetan hobekuntzak txertatuz, udaletxeko terraza inpermeabilizatuz eta jubilatuen tabernako komuna berrituz». Udal barruko kudeaketari dagokionez, espedienteen kudeaketarako erabiltzen den programa aldatuko dute eta enplegua ordenatzeko plan bat jarriko dute martxan. Azkenik, mugikortasun eta irisgarritasun lanak burutzea, euri uren hoditeriaren azterketa egitea eta azken Osoko Bilkuran hasierako onarpena eman ondoren, HAPOaren (Hiri Antolamendurako Plan Orokorra) lanketarekin jarraitzea ere aurreikusi dituzte.
Bestalde, dagoeneko esleituta dauden, errepide zaharreko zubiaren gaineko espaloia eta kiroldegiko teilatua konponduko direla aurreratu du alkateak.
Inbertsioak
- Apaiz etxea: 50.000 euro.
- Jolas parkeak: 61.446,18 euro.
- Mugikortasun eta irisgarritasun lanak: 20.000 euro.
- Udaletxeko terraza: 20.000.
- Enplegua ordenatzeko plana: 13.000 euro.
- Herri bideak: 10.000 euro.
- HAPO: 21.000 euro.
- Eskolako ekipamenduak: 15.000 euro.
- Jubilatuen tabernako komuna: 19.000 euro.
- Euri uren hoditeria: 9.000 euro.
Udal eraikinen artean sare propioa: 6.000 euro. - Espedienteak kudeatzeko programa: 4.000 euro.













