Ordiziako Udal Gobernua, "aurrekontu adostu bat lortzeko lanean"
Udal Gobernuak jakinarazi duenez, udala osatzen duten talde guztiekin negoziaketak abiatu zituzten azaroaren 26an. Proposatutako inbertsio nagusien artean Urdaneta eskola, Majori Kiroldegia eta igogailuak daude.
Urdaneta ikastetxearen Lehen Hezkuntzako eraikina.Ordiziako Udala. Ordiziako Udal Gobernuak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, 2026ko aurrekontuaren lanketa amaitu ondoren, 18,5 miloi euroko aurrekontu proposamena aurkeztu zien udala osatzen duten udal talde guztiei, 2025eko azaroaren 26an. “Aurkeztutako 2026ko aurrekontu proposamena udaleko sail guztien arteko lanketaren emaitza da, eta herriak dituen erronka nagusiak jasotzen ditu. Ez da aurrekontu itxi bat; aitzitik, ekarpenak jasotzeko eta adostasunak lortzeko irekia dago. Hala ere, sarrera eta gastuen artean orekatua dagoen aurrekontu proposamen arduratsu baten aurrean gaude”, dio oharrak.
Inbertsio nagusien artean, Urdanetako ikastetxearen eraberritzearen bigarren fasea eta irisgarritasuna hobetzeko jarduerak nabarmendu dituzte. Horiekin batera, Etxezarreta eta Ampuero kaleak lotzeko Herri Antzokiko igogailua eraikitzea, Tximista eta Altamira auzoak lotuko dituen igogailuaren proiektua burutzea, Eguneko Zentroaren ondoan, Eguneko Arreta Zentroa martxan jartzea, Alotza Haur eskola Partzuergoan integratu eta zerbitzuaren doakotasuna lortzea, Zaintza Mahaiko prozesuarekin jarraitzea, Herri Antzokian aurreikusitako Herri Kafe Antzoki berriaren proiektua garatzea, Barrenako liburutegiaren berregokitzapena eta Lizitazio fasean dagoen Plan Orokorraren esleipena ere biltzen ditu aurrekontuak.
Adostasun zabala lortzea helburua
Hala ere, Udal Gobernuaren nahia “ahalik eta adostasun zabalena” lortzea da: “Aurrekontuaren onarpena Udalbatzaren eskumena denez, eta ahalik eta adostasun zabalena lortzeko helburuarekin, une honetan udal talde guztiekin negoziazioak irekita daude. Hori dela eta, proposamen berriak jasotzeko, lehentasunak berrikusteko edo mailegu-lerroa handitzeko erabateko prestutasuna adierazi nahi da”.
Udal Gobernuak azpimarratu nahi izan du “2025eko ekitaldiaren likidazioa onartzen denean argituko dela benetako zorpetze-ahalmena, eta, ondorioz, inbertsio berriak egiteko aukerak zabalduko direla. Zentzu horretan, oraintxe bertan kanpoko igerilekuan eta barneko igerilekuan burutzen ari diren azterlanetan oinarrituta, Majoriko hezeguneak eraberritzeko inbertsioak soberakin eta mailegu bidez finantzatzea aurreikusten da”.
Azkenik, udal talde guztiak eskertu nahi izan dituzte, “adostasunetara iristeko erakutsitako ardura eta prestutasunagatik”. Era horretan, “espero dugu datozen asteetan 2026ko aurrekontu proiektuari buruzko adostasunak eraikitzea, Ordiziak ahalik eta azkarren aurrekontu adostua izan dezan”.













