Faxismoaren aurka mobilizatu da Goierriko GKS, Legazpin
Egun osoko egitaraua ondu dute Legazpiko Ukabilka eta Goierri beheko Harrobi Borroka Taldeekin batera. Jende andana batu da.
Faxismoaren aurkako aldarriez bete da Legazpi, Goierriko Gazte Koordinadora Sozialistak antolatu duen egun osoko egitarauean. GKSk Faxismoari eta estatuen autoritarismoari aurre egin lemapean urtarrilaren 31rako Bilbon zein Iruñean deitu dituen mobilizazioen atarikoa izan da, eta jende andana batzea lortu dute. Ukabilka eta Harrobi Borroka Taldeekin elkarlanean ondu dute egitaraua.
Goizean goizetik atondu dute faxismoaren aurkako aldarriez Legazpiko Azoka ingurua, eta horixe izan dute egun osorako elkargune. Goierri osotik ere bertaratu dira gazteak, hala nola Beasain, Ordizi, Lazkao eta Legorretatik.
Boxeo saio irekiak egin dituzte aurrena, Urbeltz pilotalekuan, baina bazkari osteko ekintzek bildu dute jende gehien. Mugimendu faxistaren gorakadaz eta estatuen autoritarismoaz hausnartzeko tartea hartu ondoren, kirol ikuskizunaz gozatzeko aukera izan dute.
Manifestaziorako autobusa
Urtarrilaren 31ko manifestazioaren aurrelanketan, dagoeneko zenbait ekintza egin ditu Goierriko GKSk: aurkezpenak, komiteak, lan egunak… Jakinarazi dute, manifestazioaren egunean Bilbora joateko autobusak aterako direla eskualdetik: Beasaindik, Ordizitik, Urretxu-Zumarragatik eta Legazpitik. Autobusean izen emateko aukera izango da astelehenetik aurrera Xuberren (Beasain), Giroan (Legazpi), Beti Gazten (Zaldibi) eta Kirkilen (Ordizia).













