Enkarterrietako Astoaren Gipuzkoako 25. lehiaketa egin dute Lazkaon
Ehun astok parte hartu dute lehiaketan. 'Zuhaitz' eta 'Peru' astoek irabazi dute heldu dotoreenen saria. 'Kattalin' eta 'Fermin' astoek, berriz, gazte dotoreena.
Aurtengo asto irabazleak. Gaur astoa izan da protagonista Lazkaon. Enkarterrietako Astoaren Gipuzkoako 25. lehiaketa egin dute, GIASEL Gipuzkoako astozaleen elkarteak antolatuta. Astoak lau kategoriatan lehiatu dira: asteme gazteak (30 hilabetetik behera); asteme helduak; astar gazteak (36 hilabetetik behera); eta astar helduak. Aurtengo saridunak ondorengoak izan dira:
- Asteme heldu dotoreena: Zuhaitz (91 zenbakia) Miren Villarrena (Lazkao)
- Astar heldu dotoreena: Peru (125 zenbakia) Unai Orbegozorena (Azpeitia)
- Asteme gazte dotoreena: Kattalin (7 zenbakia), Maria Jesus Galagarrarena (Errezil)
- Astar gazte dotoreena: Fermin (108 zenbakia) Miren Villarrena (Lazkao)
Astozain irabazleei zintzarri bana, 150 euro, barazki sorta, Lazkaoko Ikastolako kilometroetako kamiseta eta Palestinako zapi bana eman zaie.
Astotxo eguna asto dianarekin hasi dute goizeko 9:30ak aldera. Haur eta herritarrek, herrian zehar kalejiran paseatu dituzte astoak, Goierriko txistularien eta Lazkaoko joaldunen laguntzarekin. Txistulari zein joaldunez gain, Lazkao Txiki Musika Eskolako trikitilariek ere alaitu dute plaza ingurua. Paseoaren ostean, asto guztiak plazara eraman dituzte, Gipuzkoako 25. Enkarterri Asto Lehiaketari hasiera emateko. 12:30etan jakinarazi dituzte lehiaketako irabazleak, asto ar eta eme dotoreenak aukeratu ostean. Denera, 122 asto izan dira erakusgai, eta horietatik 100ek parte hartu dute lehiaketan. Asto gehienak, 90 bat, Gipuzkoako Astozale Elkartean erregistratutako Euskal Arrazakoak izan dira, eta beste 41 asto, berriz, gazte aitorpen hori lortu asmoz eraman dituzte.













