Legazpin elkartu dira Goierriko bertsolari gazteak
Legazpi, Lazkao, Segura, Ordizia, Urretxu eta Zumarragako haurrak elkartu dira topaketan, 30 ikasle inguru.
Legazpiko Bertso Olariak antolatuta, Goierriko Bertso Eskolen topaketa egiten ari dira Legazpin: Legazpi, Lazkao, Segura, Ordizia, Urretxu eta Zumarragako haurrak elkartu dira bertan, 30 ikasle inguru. Goierriko bertsolari gazteak Euskal Herria plazan elkartu dira 11:00etan, eta lehenik, elkar ezagutzeko jolas batzuk egin dituzte. Ondoren, 12:00etan, Latxartegi aretora joan dira, Bertso garbitzailearena izeneko ikuskizuna ikustera.
Denek batera bazkalduko dute eguerdian, Lekanazpi elkartean, eta 15:30ean jolas desberdinak izango dituzte. Azkenik, 17:00etan, amaiera emango die aurtengo topaketari. Giro ezin hobean igaro dute goiza, eta nabarmen geratu da Goierrin etorkizunerako bertsolari harrobi oparoa dagoela. Legazpiko antolatzaileek herriko udalaren eta Goierriko Bertso Eskolaren laguntza izan dute egun osoko festa prestatzeko.













