Bidegorriaren zati bat lantegi artera aldatu dute Legazpin
Legazpi-Urretxu arteko trazatuaren zati bat SPRILUR-en industria eremu barrura aldatu dute, segurtasuna hobetzeko. Azken lanak hasi dituzte, eta Aldundiko eta udaleko ordezkariak izan dira bisitan gaur eguerdian. Zati berria bost hilabete barru egongo da erabilgarri.
Legazpi eta Urretxu-Zumarraga lotzen dituen bidegorriaren tramu berriaren azken fasea martxan dago. SPRILUR-en industria eremu barrutik igarotzen den 774 metroko tramua da, eta bost hilabete barru egongo da erabilgarri, azken loturak egin eta gero.
Trazatua CIE lantegi parean dauden segurtasun arazoengatik aldatu da. Arazo horiei irtenbidea emateko, bidegorria industria eremu barrura aldatzea hitzartu zuten Legazpiko Udalak, SPRILUR sozietate publikoak eta Aldundiak iazko udazkenean. Azken lanak hasi dituzte, eta gaur eguerdian horiek ikusten izan dira Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatua, eta Eric Galvez alkatea, Oscar Valbuena Garapen jasangarriko eta trantsizio energetikoko zinegotzia eta Josu Galilea Mugikortasuneko zinegotzia, udalaren aldetik.
Bisitan nabarmendu dutenez, «Urola ardatzeko bidegorrien sarea osatzeko eta bide segurtasuna hobetzeko jarduketa estrategikoa» da hau, eta «Legazpi eta Urretxu-Zumarraga arteko lotura jasangarria indartzen» du. Lehengo trazatu arriskutsua ordezkatuko du, eta hobekuntzak ekarriko dizkio zeharkatuko duen eremu berriari saneamenduari, hiri zerbitzuei eta gune berdeei dagokienez.
Lanak eta hobekuntzak
Bidegorri zati berriaren azken fasea Orsa enpresak egingo du Dair ingeniaritzaren zuzendaritzapean. Aurrekontua 660.177,96 eurokoa da, eta bost hilabeteko epea dute amaitzeko. Oraingo trazatuaren tramu bat ordezkatuko du, trenbide ondo-ondotik doana eta CIEren instalazioak zeharkatzen dituena, bertan segurtasun eta elkarbizitza arazoak eraginez.
Dair enpresako obra zuzendaria den Roberto Martinezek gaur azaldu duenez, Bellota-GSB urbanizazioan dagoeneko eginda dagoen tramua izango du abiapuntua azken zatiak. 230 metro inguruko luzera izango du, eta GI-2630 errepidearekin paraleloan joango da, Legazpitik behera datorren lehengo bidearekin bat egin arte, CIEren kalearen parean. Espaloiaren gainean egingo dute bidea, galtzada baino altuago, eta baranda batekin babestuta. Oinezko eta txirrindularientzako izango da, eta 2,20 metroko zabalera izango du. Beste aldean, lehengo trazatuarekin lotuko dute, industria eremuan dagoen biribilgune baten parean.
Lan hauek zerbitzuetan hainbat hobekuntza egiteko baliatuko dituzte. Hala, saneamenduaren eta horniduran alorrean, hidranteak lurperatu, dauden sareak egokitu eta hondatutako elementuak aldatu egingo dituzte, «azpiegituren funtzionamendu seguruagoa eta eraginkorragoa bermatzeko». Gainera, euri uren drainatzean, argiztapenean eta beste zerbitzu batzuetan ere jardungo dute.
Proiektuan lan gehiago ere jaso dituzte, hala nola, oinezkoentzako eta txirrindularientzako pasabideak handitzea eta hobetzea, industria eremuko autobus geralekua egokitzea, gune berde berriak sortzea, industria itxiturak berritzea eta gaurko bidegorri zati arriskutsua behin betiko ixtea.
Mugikortasun jasangarria
Eric Galvez alkatea oso gustura eta eskertuta agertu da gaurko bisitan bidegorriaren amaiera fasearen hasierarekin. Udalaren izenean, eskerrak eman dizkio Aldundiari, «lanak finantzatzeagatik», eta SPRILUR-i, «lursail honen jabetza berea zelako, eta udalari doan utzi diolako obra egin ahal izateko». Fase hau administrazio ezberdinen arteko elkarlanaren emaitza dela nabarmendu du, «eta oso positiboa Legazpirentzat, konponbide bat ematen diolako segurtasun arazo bati, eta gure bidegorri sarea hobetuko duelako».
Oscar Valbuena zinegotziak berretsi egin ditu alkatearen hitzak, eta esan du obren hasiera «berri ona» dela legazpiarrentzat, eta Aldundiak egindako inbertsioei esker «bidegorri sarea hobetzeaz gain, segurtasuna bermatuko zaie erabiltzaileei». CIE Legazpi enpresako langileen segurtasuna ere hobetuko dela gaineratu du, lantegiko instalazioetatik igarotzen den zatia desagertu egingo delako trazatu berriarekin. Amaitzeko, eskerrak eman dizkio Asensio diputatuari egin duen «apustuarengatik», eta SPRILUR ere aipatu du, «bere lankidetza oso garrantzitsua izan delako».
Bi erakundeen lankidetza eskertzeko baliatu du Josu Galilea zinegotziak ere, eta gogoratu du udaletik bultzatzen duten programarekin bat egiten duen proiektua dela bidegorriarena. «Guk jarduera fisikoa, bizikletaren erabilpena, jasangarritasuna… sustatzen dugu, eta bidegorriaren tramu berria horrekin lerrokatzen da».
Jose Ignacio Asensio diputatuak, azkenik, «goraipatu» egin nahi izan du bidegorriak egiteko arrazoi nagusia, eta arrazoi hori «mugikortasun jasangarria bermatzea» dela gogoratu du. «Aurrerapauso nabarmenak eman ditugu Gipuzkoa mailan, 400dik gora kilometro ditugu eginda, eta tramu hauek, zati hauek oso garrantzitsuak dira». Bestetik, azpimarratu du bidegorriak ez dituztela kirolarientzat bakarrik egiten, baizik eta «eguneroko bizitzarako: lanera joateko, eskolara joateko eta disfrutatzeko ere bai».













