Ordiziako EAJk Elkarbizitzarako Ordenantza bat proposatu du
"Espazio publikoaren erabilera arduratsua" bermatzeaz gain, EAJren proiektuak "elkarbizitza hobetzea, herritarren arteko errespetua indartzea eta udalerriko ingurunea babestea" du helburu.
Ordiziako EAJren udal taldeak jakinarazi duenez, Elkarbizitzarako Ordenantza berri bat egiteko proposamena aurkeztu du, “espazio publikoen erabilera arduratsua bermatzeko, herritarren arteko errespetua sustatzeko eta herri-ingurunea babesteko” helburuarekin. Egitasmoaren helburua, dauden araudiak eguneratu eta bateratzea da, “udalerriaren egungo beharretara egokituz”.
Jeltzaleen proposamenak funtsezko hamasei alorretako neurri jasotzen dituela aurreratu dute, “espazio publikoa zaintzetik, zarata, garbiketa eta mugikortasuna arautzeraino, Ordizia garbiago, seguruago eta pertsona guztientzako irisgarriago baterantz aurrera egiteko”.
Espazio publikoa babestea
Proposatutako gaien artean daude “espazio publikoa babestea, lorategiak eta parkeak zaintzea, eta espazio publikoak garbitzea daude, udalerria egoera onean mantentzeko betebehar eta portaera egokiak sustatzeko”.
Hondakinen kudeaketa ere bai
Elkarbizitza Ordenantzak hondakinen kudeaketa zuzena ere arautzen du, “zaborrak biltegiratzeari eta bereizteari arreta berezia eskainiz, baita edukiontzien inguruan sortutako hondakinen kudeaketa ere, ingurune garbi eta ordenatua sustatzeko”.
Bide publikoa
Jeltzaleek aurreratu dutenez, Ordenantzaren beste esparru nabarmenetako bat “bide publikoan merkataritza eta industria jarduerek duten eragina da, hala nola espaloiak okupatzea edo kanpoko elementuak jartzea, obrak egitearekin batera, ordutegiak, zaratak eta segurtasun-neurriak arautuz, herritarrei ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko. Proposamenak, halaber, animalien edukitza eta kontrola jorratzen ditu, animalien bizikidetza eta ongizatea bermatuz”.
Era berean, lokal itxiei mantenua ematea aurreikusten dute, “herria hondatzeko arriskuak eta egoerak saihesteko; zarata eta kutsadura akustikoa kontrolatzea, bai musikagatik, obrengatik, trafikoagatik edo ostalaritzako jarduerengatik; eta argiztapen publikoa eta segurtasuna hobetzea, batez ere argiztapen arazoak dauden eremuetan”.
Garraio publikoa
Azkenik, Ordenantzak garraio publikoa, bizikletak eta patineteak erabiltzeko irizpideak ere jasotzen ditu, “oinezkoen lehentasuna eta bidegorrien erabilera egokia bermatuz, baita ekitaldi eta jai publikoen erregulazioa ere, garbiketa eta segurtasun baimenak eta neurriak ezarriz”.
Elkarbizitza eta errespetua
Joseba Aranburuk, EAJk Ordiziako Udalean duen bozeramaileak, nabarmen duenez, “ordenantza honek elkarbizitza eta elkarrekiko errespetua indartu nahi ditu, guztiok partekatzen ditugun espazioak zaintzen lagunduko duen esparru argi bat eskainiz”. Izan ere, Aranburuk gaineratu duenez, “Ordiziak arau eguneratuak, argiak eta udalerriko errealitatetik pentsatuak behar ditu, bizi kalitatea, hiri jasangarritasuna eta segurtasuna hobetzen laguntzeko, eskubide eta betebeharren arteko oreka ahaztu gabe”.
Azkenik, Ordiziako EAJk azpimarratu du proposamen hau “asmo eraikitzailearekin eta elkarrizketarako bokazioarekin sortu dela, udalerriari tresna erabilgarri bat emateko, bizikidetza ordenatuagoa, errespetuzkoagoa eta herritarren egungo premiekin bat datorrena lortzeko”.













