Ordizia Mugimenduan, igande goizetan
Aniztasun funtzionala duten gazteentzat aisialdi programa martxoan, edo gehienez ere Aste Santua hastea aurreikusten da.
Ordizia Mugimenduan programa pilotuaren aurkezpena egin zuen atzo Ordiziako Udalak, Batera Aske Kooperatibarekin elkarlanean, ekimenean parte hartuko duten gazteekin eta haien familiekin. Lehen saioa “elkar ezagutzeko eta behar espezifikoak identifikatzeko” baliatu zuten.
Udaleko gizarte langile Alazne Elortzaren esanetan, ekimenak aspaldiko behar bati erantzuten dio: “Urteak dira bai udaletik bai herritarren aldetik, dibertsitate funtzionala duten nerabeei eta gazteei zuzendutako zerbitzuetan hutsune bat ikusten genuela. Beste herri batzuetako esperientziak ezagutu ondoren, Ordizia Mugimenduan programa martxan jartzeko lanean aritu gara”.
Elortzak gaineratu zuenez, “atzo arratsaldean egin genuen saioa elkar ezagutzeko izan zen, eta aisialdi normalizatuetatik kanpo gelditzen diren gazte hauei erantzun bat ematea da ekimenaren helburu nagusia”.
Oskar Rodriguez Batera Aske Kooperatibako kideak ere hartu zuen hitza: “Lehenengo topaketa elkar ezagutzeko espazioa izatea funtsezkoa da, partaideen beharrak identifikatzeko eta, hortik abiatuta, aurrerantzean egingo diren ekintzak modu egokian diseinatzeko”.
Udaletik jakinarazi dutenez, atzoko saioa “oso ondo baloratu zuten bai gazteek bai familiek”, eta momentuz zazpi lagunekin jarriko da programa martxan. “Parte-hartzaileekin adostu da saioak igande goizetan, 11:00etatik 13:00etara, egitea, eta jarduerak barne-espazioetan ez ezik, kalean ere garatzeko aukera aztertu zuten”.
Programa martxoan, edo gehienez ere Aste Santua baino lehen, hastea aurreikusten da. “Esperientzia honen bidez jasotako ekarpenek etorkizunean programa egonkor bat diseinatzeko oinarriak jarriko dituzte”.
Informazio gehiagorako eta izen-emateak: bash@bateraaske.com edo 680 155 746 telefonoan.
Argazkiak: Ordiziako Udala.















