Aroa euskara plan berria aurkeztu du Legazpiko Udalak
Datozen hamar urteetan herrian euskararen erabilera handitzea, legazpiarren ahalduntzea eta herriko hizkuntza bizikidetza justu eta inklusiboa indartzea du helburu. Herriko Euskara Mahaia sortuko dute laster, hezkuntza, aisialdi, kirol, ostalaritza eta bestelako gizarte eragileekin elkarlanean.
Legazpin 2026-2036 tartean euskara indarberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko marko estrategikoa aurkeztu zuten ostegun iluntzean jendaurrean, Kultur Etxean egindako ekitaldi batean. Abenduan onartu zuen udalak euskara plan hori, Aroa izenarekin. Hamar urteko ikuspegia duen planak euskararen erabilera handitzea, herritarren ahalduntzea eta udalerriko hizkuntza bizikidetza justu eta inklusiboa indartzea du helburu.
Udaleko ordezkari politikoen eta teknikariek, legazpiarren eta herriko eragileen arteko elkarlanaren emaitza da Aroa. Prozesu parte hartzaile baten bidez osatu da, Legazpiko euskararen egungo egoeraren diagnostiko zehatza oinarri hartuta, eta etorkizuneko erronkei modu adostuan erantzuteko asmoz.
Joan den ostegunean egin zuten Aroa euskara plan berri honen jendaurreko aurkezpena Kultur Etxean. Edurne Matias euskara alorreko zinegotzia, Leire Luengo udaleko euskara teknikari berria eta planaren osaketan lagundu duen Elhuyar elkarteko Uxue Loinaz aholkularia arduratu ziren xehetasunak emateaz.
Euskararen biziberritzea
Aurkezpenean azaldu zutenez, Legazpin euskararen ezagutza zabala bada ere, erabilerak “erronka handiak” ditu oraindik. Testuinguru horretan, Aroa planak “aro berri bati ekiteko beharra” dagoela jasotzen du, “orain arte egindakoa baliatuz, baina estrategia berrituak martxan jarriz”. Planak hizkuntza politika “ausarta” proposatzen du, eta ildo horretan, euskara udalaren agenda politikoaren erdigunean kokatzen du, eta udal arlo guztietan zeharkakotasunez lantzeko konpromisoa hartzen du.
Aroa oinarrian hainbat balio jasota daudela ere zehaztu zuten: “Adostasuna, egingarritasuna eta eragina, betiere hizkuntza ekologiaren ikuspegitik, eta gizartearen aniztasuna kontuan hartuta”. Euskara ardatz hartuta, “justizia soziala, inklusioa eta herritarren parte hartzea” sustatzen dituela ere nabarmendu zuten.
Erronkak eta lan-ildoak
Planak datozen hamar urteetarako zehazten dituen ardatz estrategikoak eta erronka nagusiak ere azaldu zituzten aurkezpenean. Udalaren gobernantza, herritarren jarrera, ezagutza eta erabilera, eta berrikuntza eta komunikazioa dira lan ildoak.
Gobernantza alorrekoak dira erronketako batzuk, eta horretan, euskararen normalizazioa agenda politikoaren erdigunean kokatzea da helburua, baita erakundeen eta gizarte eragileen arteko koordinazioa indartzea ere euskarari dagokionez.
Jarreran eta motibazioan eragin behar dela ere argi jasotzen du planak. Euskararen aldeko jarrera sendotzea, hiztunen ahalduntzea bultzatzea eta euskal komunitatearen ikusgarritasuna handitzea dira erronkak arlo honetan.
Ezagutza eta gaitasunari dagokionez, euskararen transmisioa indartzea, ikasteko aukerak zabaltzea eta erraztea, eta jatorri atzerritarreko herritarrak euskarara hurbiltzea izan behar dira bideak.
Erabilera eta elkarreragina indartzeko, berriz, euskara eguneroko bizitzan eroso erabiltzeko babesguneak sortzea eta indartzea izango dira egin beharrekoak, bereziki aisialdian, kirolean eta kulturan.
Amaitzeko, berrikuntzari, ikerketari eta komunikazioari ere eskaini diote atal bat, eta ingurune digitalean euskararen presentzia areagotzea, datuetan oinarritutako jarraipena egitea eta diskurtso berritzaileak hedatzea jarri dituzte helburu.
Erronka horiei guztiei erantzuteko, ekintza zehatzak, arduradunak eta epeak jasotzen ditu planak, udalaren jarduna gidatzeko.
Jarraipena eta ebaluazioa
Bestetik, planaren garapena eta jarraipena bermatzeko, gobernantza eredu partekatua ezarri dute. Hala, Udaleko Zuzendaritza Taldea eratu dute, eta horrek jarraipena eta ebaluazioa egingo ditu, eta horrekin batera Herriko Euskara Mahaia sortuko dute, hezkuntza, aisialdi, kirol, ostalaritza eta bestelako gizarte eragileekin elkarlanean. Laster egingo du deialdia udalak.
Halaber, adierazle sistema baten bidez neurtuko dute planaren betetze maila. Modu horretara, euskararen ezagutza, erabilera eta herritarren jarreraren bilakaera ebaluatuko dituzte.
Herri proiektu bateratua
Zehaztasun horiek guztiak eman eta gero, Aroa udalarena bakarrik ez, “Legazpi osorako herri proiektua” dela azpimarratu zuten aurkezpenean. Hori dela eta, herritar eta eragile guztiei dei egin zieten “datozen urteetan euskararen indarberritzean aktiboki parte hartzera, elkarlanean eta konpromisoz, euskara Legazpiko eguneroko bizitzaren ardatz bizia izan dadin”.
Amaitzeko, planaren onarpenarekin, etorkizunean “euskaldun ahaldunak eta euskaraz bizi ahal den herria eraikitzeko bidean” Legazpik “pauso sendoa” eman duela esan zuten.













