Legorretako haurrek diseinatutako jolas eremuak aurkezteko saio irekia
Gaur, 17:30ean, izango da. haurrek jolas eremu berrietarako proposamen anitzak landu dituzte.
Legorretako Ugaro ikastetxeko 6 eta 12 urte bitarteko haurrek eta gaztetxoek protagonismo berezia izan dute azken hilabeteetan, herriko jolas eremuak berrasmatzeko prozesuan. Hainbat saioetan zehar, “hamabi haurrek osatutako talde ordezkariko kideek, partaidetzaren inguruan hausnartu, herriko jolas guneak aztertu, eta beraien behar, nahi eta ametsak proposamen zehatzetan bihurtu dituzte”.
Era berean, ikuspegi zabalagoa izateko, gurasoen eta familien ekarpenak ere jaso dira, etxean erantzundako galdetegien bidez. “Bestalde, prozesuan zuzenean parte hartu ez duten haur eta gaztetxoak ere, marrazkien bitartez jolas eremu berrirako proposamenak egin ahal izan dituzte”.
Proposamenak
Prozesu horren ondorioak dira, haurrek jolas eremu berrietarako proposamen anitzak landu dituzte: “adin ezberdinetara egokitutako espazioak, jolas askearen eta sormenaren aldeko egiturak, naturarekin harremana sustatzen duten elementuak, eta elkarrekin egoteko gune seguru eta inklusiboak. Ideia horiek guztiak maketa batean irudikatu dituzte, euren ikuspegia modu grafiko eta ulergarrian partekatzeko”.
Gaur izango da azken saio irekia, 17:30ean, udaletxeko areto nagusian, maketa herritarrei aurkeztuko diete. Gainera, udaleko ordezkariek, udal arkitektoaren laguntzarekin, proposamen horien balorazio orokorra egingo dute. “Era berean, Udalak aurreikusten diren berrikuntzak jakinaraziko ditu eta diseinuak errealitate bihurtzeko orduan irizpideak zein izango diren azalduko ditu”.
Legorretako Udalak azpimarratu nahi du “prozesu honek herriko haurren ahotsa entzun eta kontuan hartzeko borondate argia erakutsi duela, eta azken saio hau aukera paregabea dela egindako lan kolektiboa elkarrekin partekatu, baloratu eta ospatzeko”.













