Hainbat kotxetan kalteak eragin eta lapurretak egin zituzten larunbat goizaldean Legazpin
Leihoak apurtu eta barruko objektuak eraman dituzte lapurrek. Ertzaintzak bost salaketa ditu jasota. Ikerketa zabalik du orain.
Legazpiko Plazaola kalea. Kalte materialak eta lapurretak egin zituzten ostiraletik larunbaterako gauean Legazpin, Plazaola kalean aparkatuta zeuden hainbat ibilgailutan. Ertzaintzak jakinarazi duenez, bost salaketa jaso ditu gertakari horiengatik, eta egileak nortzuk izan diren argitzeko ikerketa zabaldu du. Lapurrek leihoak apurtu zizkieten kotxeei, eta barruan zeuden objektuak lapurtu ere bai, hainbat kasutan. o6:00ak aldera gertatu ziren lapurretak.
Gau berean beste gertakari bat ere izan zen Legazpin, Santikutz kalera ematen duen Latxartegi parkeko paretan pintaketa handi bat egin zutelako, kolore gorriz nagusiki, urtarrilaren 31n Bilbon faxismoaren aurka deituta dagoen manifestazioa aipatuz. Gaur goizean ekin diete garbiketa lanei udaleko langileek.













