Jose Arregi Lasa goierritarraren gorpuzkiak berreskuratuko ditu haren familiak
Arregi Lasa Cuelgamuros haranean lurperatuta egon da 1959az geroztik, eta orain, identifikazio-lanak amaituta, senideei itzuliko dizkiete haren hezur-hondarrak.
1936ko gerra zibilean ibilitako gabiriar guztien omenez jarritako plaka, Gabiriako Ardantza gainean.Iñaki Gurrutxaga Jose Arregi Lasa goierritarraren gorpuzkiak berreskuratuko ditu datozen egunotan haren familiak, Memoria Demokratikoaren politikaren baitan egindako lanen ondorioz. Arregi Lasa Cuelgamuros haranean lurperatuta egon da 1959az geroztik, eta orain, identifikazio-lanak amaituta, senideei itzuliko dizkiete haren hezur-hondarrak.
Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak gaur bisitatu du Cuelgamuros harana, Fernando Martínez Memoria Demokratikoko Estatu idazkariarekin batera. Bisita hori egin dute, hain zuzen ere, aste honetan bi euskal familiak —Jose Arregi Lasa gabiriarrarenak, eta Zezilio Ruiz de Loizaga Urigoitia bilbotarrarenak— euren gertukoen gorpuzkiak jasoko dituzten une berean. Eusko Jaurlaritza Gogora institutuaren bidez ari da lanean prozesu honetan, Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzarekin elkarlanean.
Arregi Lasa 1918an jaio zen Gabirian, eta Olaberriko Estensoro baserrian bizi zen 1936ko Gerra piztu zenean. Gerran Amerika Erregimentuko 23. zenbakian, Nafarroako Brigadetan, matxinatutako ejertzitoan izena emanda egon zen. 1938ko otsailaren 2an hil zen Mondarizen (Galizia), eta bertako hilerrian lurperatu zuten. 1959ko martxoaren 27an eraman zituzten haren gorpuzkiak Cuelgamuros haranera. Lekualdaketa kutxa indibidualetan egin zen, eta kutxa bakoitzean pertsona bakar baten gorpuzkiak zeuden, jatorria argi adierazita. Zehazki, kutxek Mondarizko bainuetxearen izena zeramaten inprimatuta, eta horrek identifikazio-prozesua “nabarmen erraztu” duela azaldu dute.
Dokumentazio historikoaren arabera, Arregi Lasaren gorpuzkiak haraneko eskuineko kriptan utzi zituzten, bigarren solairuan, 1.1178 zenbakidun kolunbarioan, banakako ehorzketa gisa. Hala, urte luzez han egon ondoren, gabiriarraren gorpuzkiak berreskuratuko ditu haren familiak.
Olaberria 1936-1945 liburuan ere egin zioten erreferentzia, Francisco Javier Garcia Bergarak emandako lekukotzan, hark bere aitaginarrebari entzuna: “Ez zen gerrako armekin hil, oinak izoztuta baizik, gangrenatuta. Bataila hartan gehiago hil ziren izozketagatik armengatik baino. Galiziako Mondarizera eraman zuten. Han zeuden frankisten bandoko izoztutako denak, izozketen ondorioak tratatzeko. Gutxi egin zitekeen garai hartako medizinarekin. Ez zegoen penizilina ospetsua, ez eta antzeko ezer ere. Gorputz adarrak mozten zizkieten garai hartan zekitena aplikatuz”.













