Txakurrentzako lehen sorospenei buruzko hitzaldia Beasainen
Zuri Segurola gasteiztarrak egingo du hitzaldi-tailerra, udaletxean. Albaitariarengana iritsi arte txakurrari lehen arreta nola eman ikasiko dute partaideek.
Zuri Segurola txakur batekin.Hitza Txakurrentzako lehen sorospenei buruzko hitzaldi-tailerra egingo du bihar asteartea (urtarrilak 27) Zuri Segurola gasteiztarrak Beasaingo udaletxeko sarrera aretoan, 18:00etatik 19:30era. Txakurren nutrizionista, osasun larrialdietako teknikaria eta txakurren ongizatean aditua da.
Albaitariarengana iritsi arte txakurrari lehen arreta nola eman ikasiko dute partaideek, Segurolak azaldu duenez. “Zure txakurrarekin paseoan zaudela, bat-batean portaera arraroa izaten hasten da: dardarka, kulunka, aurpegia puztuta… eta zu geldi-geldi geratzen zara. Ia ez duzu astirik mugikorra ateratzeko eta Larrialdietara deitzeko. Eskuak dardarka, burua mila gauzatan… eta bururatzen zaizun gauza bakarra da albaitariarengana garaiz iristea, inork ez baitzizun inoiz irakatsi nola jokatu txakur baten larrialdi baten aurrean”. Egoera horiei erantzun azkar bat ematen irakatsiko du: “Egoera horietan nola jokatu jakiteak alde handia egin dezake istripu edo larrialdi mediko baten aurrean, txakurraren bizitza salbatzeko”.
Txakurrak ongi etorriak izango dira hitzaldi-tailerrean, “betiere gustura egongo direla jakinda”.













