Buskabaso auzo elkartea martxan da berriz ere
San Ignazio, San Martin, Arantzazu eta San Jose auzoetako bizilagunen aldarrikapenak udalera helaraztea du helburu, baina kultura eta dinamizazio jarduerak ere uztartuko ditu. Ostiralea, Ahoztar Zelaietaren azken liburua aurkeztuko dute bertan.
Buskabaso elkartearen egoitza. San Ignazio, San Martin, Arantzazu eta San Jose auzoetako bizilagunak biltzen dituen Buskabaso elkartea berriz ere lanean hasi da, hainbat urtetako geldialdiaren ondoren. Azken aldian biltegi huts bihurtuta zegoen egoitza txukundu eta gero, ekintzaz beteriko aro berriari ekin dio auzo elkarteak.
Ostiral honetan egingo duten liburu aurkezpena izango da abiapuntua, eta ondoren jarduera gehiago etorriko dira. Buskabaso berrituak dagoeneko lortu du ehun familia ingururen babesa.
Ahoztar Zelaietaren azken lana aurkeztuko dute, 19:00etan, doan. El pradalismo. El ocaso de los JoBiBi da izenburua.
Lokalaren erabilera anitza
Legazpi osoko auzoen egoera hobetzeko helburuz iaz sortutako Auzoak Bizirik ekimena izan da elkartearen berpizkundearen bultzatzaile nagusia. Mugimendu hura bultzatu zuen Haritz Artzelus da, hain zuzen, auzo elkarte berrituaren lehendakaria, eta hainbat laguntzaile ditu zuzendaritza taldean. Auzoen hobekuntza eta dinamizazioa dira helburu nagusiak.
Eta horretarako ezinbestekoa da egoitza txukun bat izatea. Buskabasok San Ignazio auzoko eskola zaharretan udalak utzitako lokal batean du egoitza, baina azken urteetan erabili gabe izan du ia. Orain, udalari esker paretak margotu eta besteak beste Olamendi eskolak emandako altzariak instalatu eta gero, erabilgarri dago berriz ere.
Elkarteak plan ugari ditu lokalarentzako. Elkarteak bilerak egiteko balioko du batetik. Artzelusek azaldu duenez, auzotarren kezkak eta aldarrikapenak bildu eta udalari helaraziko dizkiote: «Irisgarritasuna da une honetan gure arazo larriena, azpiegituren mantentze lanen faltarekin batera: horma eta zoruko zuloak, argiteria, seinaleztapena… Kontuan izan behar da gure auzoetan pertsona nagusi asko bizi dela».
Baina beste zentzu bat ere eman nahi diote egoitzari, eta auzoen dinamizazio helburu horiei lotuta, hitzaldiak eta bestelako kultur jarduerak eskainiko dituzte bertan, emakumeen eta etorkinen bilgune ere bihurtu nahi dute, eta ludoketa ere jarri nahi dute martxan, besteak beste.













