Ardi gaztak hasi du denboraldia
Udaberriari begirako barazki landareen eskaintza zabaltzen hasi da, tipula, porru eta tomatearekin. Zuhaitz landareaK saltzen ere hasi dira, SIndikatoan. Gainera, Urretxuko institutuko ZIG gelako ikasleek hileroko hitzordua bete dute.
Aspaldi hasi ziren arkumeak jaiotzen, eta artzainek berehala ekin zioten gazta egiteari. Aste batzuk igarota, salgai dago dagoeneko denboraldi berrikoa. Ez da oraindik Idiazabal jatorri izendapenekoa, baina ardi esnearekin egindako gazta gustuko dutenek badute non erosi Ordiziako ferian.
Momentuz Mikel Lasaren postuan bakarrik dago salgai, kiloa 22 euroan. Tamaina handiko piezak dira, zatika erosteko aproposak, eta ontze prozesu laburra izan dutenez, zaporez suabeak dira. Olaztiko gaztak dira, eta laster Idiazabal etiketarekin salgai jarriko direnen aurrekariak dira.
Ikasleen postua, eta bisitak
Ardi gazta bezala, gaur berriak izan dira, baita ere, udaletxe ondoan jarri diren saltzaileak. Urretxuko Iparragirre institutuko Zereginen Ikasketa Gelako ikasleak ziren, Urretxu, Zumarraga, Lazkao, Ordizia, Ataun eta Ormaiztegiko gazteak, eta San Blas opila barne, eskolan egindako hainbat gozo eta artisau lan izan dituzte salgai. Udaberrian Saloura egin nahi duen ikasketa bidaia ordaintzeko dirua behar dute, eta hilean behin joango dira azokara, saltzera. Aurretik ere izan dira, eta hurrengo hitzordua otsailaren 25ean dute.
Bisitak, berriz, gazteagoak ziren, Lehen Hezkuntzako bosgarren mailakoak. Donostiakoak ziren, Ikasbide ikastetxekoak, eta Plaza Nagusian postuz postu ibili dira, saltzaileei galderak egiten eta erosketa txikiak egiten, D’Elikatuz zentroak eskaintzen dizkien jardueraren baitan.
Goiz hotza izan duten gaur guztiek, 3 gradu eskas markatzen baitzuen udaletxe ondoko termometroak 10:00k inguruan.
Tomate landareak
Landareen atalean ere izan dira berritasunak gaur. Azokako hiru saltzaileak udaberriari begira daude aspaldi, eta oraingoan tipula gorria, Zallako tipula eta tipula hori borobil zabala jarri dituzte salgai, ehuneko sorta 4 euroan. Bitarteko porruak ere badituzte, 4,5 euroan ehunekoa.
Eta horiez gain, Ibarrako Montesek bertako mintegian ereindako eta hazitako ziazerba (0,10 euro bakoitza) eta borraja ere (0,20 euro) eskaini ditu, udaberrirako brokoli eta aza kixkurrarekin batera (0,20 euro). Urteko lehen tomate landareak ere bazituen Montesek, Jack motakoak, etxeko hazitik ateratakoak, euro batean bakoitza.
Zuhaitz landareak aldatzeko garaia ere orain da, eta ferian eskaintzarik ez badago ere, gertu-gertu dagoen Sindikatoan saltzen hasiak dira.
Perretxikoentzat, berriz, ez da garairik onena, eta gaur Lasaren postuan 15 kilo mendiko angula besterik ez zeuden, kiloa 26 euroan.














