Hastear dira Aizkorri kaleko lanak
Txorroneatik biribilgunera arteko tartean egingo dituzte, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko. Azpiegiturak berritzeko ere baliatuko dute. Oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioan eta autobusen ibilbidean aldaketak izango dira.
Udaleko eta obrak egingo dituen enpresako teknikariak, Aizkorri kalean.Legazpiko Udala Aste honetan dira hasteko Legazpiko Aizkorri kalea birgaitzeko lanak. Batez ere ingurune horretako irisgarritasuna hobetzea dute helburu obra hauek, eta azpiegiturak hobetzeko ere baliatuko dituzte.
Udalak Construcciones Artzamendi enpresari esleitu zizkion udazkenean, 1.065.443,95 euroko aurrekontuarekin, eta horrek 13 hilabeteko epea izango du lanak burutzeko. Bitarte horretan oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioan eta autobusen ibilbidean aldaketak izango dira. Aldaketa horien berri aurrez emango du udalak.
Lanen xehetasunak
Lanak Aizkorri kalearen hegoaldean egingo dituzte, Txorroneatik hasi eta biribilguneraino doan zatian. Irisgarritasuna hobetzea, hiri-azpiegiturak berritzea eta oinezkoentzako gune atseginagoa eta seguruagoa sortzea dute helburu.
Batetik, zoladurak eta espaloiak berrituko ditzute. Hornidura, saneamendua eta argiteria sareak ere ordezkatuko dituzte, eta euri urak modu jasangarrian jasotzeko sistemak jartzeaz gain, lurzoru azpian ere obra garrantzitsuak egingo ditzute, bereziki, euri-uren eta ur zikinen saneamendu sarean eta ur horniduran.
Horrekin batera, bide espazioa berrantolatuko dute, oinezkoen, ibilgailuen eta bizikleten arteko bizikidetza errazteko. Zentzu honetan, bidegorriari jarraipena emango diote, errepidetik banatutako trazadurarekin.
Gipuzkoako Urak proiektua finantzatzen lagunduko du, jarduketek bere eskumeneko hiri zerbitzuei ere eragiten dietelako.













