Ordizia Urpekoak Sarian 240 igerilarik hartuko dute parte
Larunbatean Ordiziako Makori kiroldegiko igerilekuan, goiz eta arratsalde, lehiatuko dira hamasei taldetako igerilariak.
12. Ordizia Urpekoak igeriketa txapelketako podiuma. Hegats igeriketari dagokionean, denboraldiko lehiaketa garrantzitsuenetako bat jokatuko da larunbatean, urtarrilaren 31n, Ordiziako Majori kiroldegiko igerilekuan. XIII. Ordizia Urpekoak Sariak hamasei taldetako 240 igerilari elkartuko ditu. Antolatzaileek emandako datuen arabera, Hego Euskal Herriko bost talde izango dira [tartean Ordiziakoa], Herrialde Katalanetako beste bost, Espainiako lau eta Frantziako bi. «Parte-hartzaileen artean Frantzia eta Espainiako selekzioarekin Europa zein Munduko txapelketetara joan diren hainbat igerilari izango dira bertan».
Egun osokoa izango da Ordizia KE Urpekoak elkarteak, EHUIFren eta Ordiziako Udalaren laguntzarekin, eta Landu, Orkli, Ampo eta Irizarren babesarekin antolatutako jardunaldia. Goizean, sailkapeneko probak jokatuko dira, 09:30etik 12:30era bitartean. Arratsaldean, berriz, finalak jokatuko dituzte, 16:30etik 19:00etara. Proba desberdinak izango dira, kategoria eta distantzia ezberdinetan, abiadura, erresistentzia eta urperatzea barne, bai banakako bai taldekako mailan.
Goierritarrak Majori kiroldegira gonbidatu nahi dituzte larunbatean, «hegatsak erabiliz, txapelketari erritmo biziago bat ematen dion betiko igeriketarengandik aldentzen den modalitate ezberdin hau ikustera».













