«Herritarrek emandako saria jasotzea polita da»
Ordizia Urpekoak Sarian parte hartzeko Bartzelonatik jaioterrira itzuliko da egunotan Josu Goia Sarasola hegats igerilaria.
Josu Goia Sarasola ordiziarra. Ordiziako Kirol Sarietan, Herritarren Saria jaso zuen Josu Goia Sarasola (Ordizia, 1999) hegats igerilariak abenduaren 27an, Ordiziako Plaza Nagusian. Bartzelonan bizi bada ere, larunbateko Ordizia Urpekoak Sarian ez du hutsik egingo.
Abenduaren 27an Herritarren Saria jaso zenuen Ordiziako Kirol Sarietan, sei hautagairen artean (Hodei Caballero, Ane Gonzalez, Markel Odriozola, Maddi Sola eta Lide Urrestarazu) egindako bozketan boto gehien lortuta. Herritarren saria jasotzea are bereziagoa da?
Sari emate ekitaldian esan nuen bezala, sentsazio polita izan zen. Sari ezberdinak daude, baina herritarrek emandako saria jasotzea polita da, babesa eta motibazio puntu bat ematen du. Maitasuna jaso nuen.
Lanean jarraitzeko indarra ere emango du.
Bai, bai. Geroz eta zailagoa izaten da entrenatzen jarraitzea. Orain Bartzelonan bizi naiz. Lanaz gain, etxeko lanak egin behar… denbora aldetik oso larri ibiltzen naiz. Baina horrelako sariek jarraitzeko motibazioa ematen dute.
Hegats igeriketatik bizi al daiteke?
Hegats igeriketan ez da oso ohikoa. Espainiar estatu mailan ez dago inor kirol honetatik bizi denik. Beste herrialde batzuetan uste dut bakarren bat baietz. Baina oso gutxi, munduko txapeldunak, maila oso-oso handiko igerilariak, babesleen bidez.
Espainiako selekzioarekin bazabiltza.
Bai, aurreko urteetan ere bai, aurten ere hori da nire helburua. Esperientzia handia hartzen da. Beste toki batzuk ezagutu… Egunerokotasunerako ere oso baliagarria izaten da. Adibidez, lanean, enpresara kanpoko jendea etortzen denean, beraien bizimodua edo kultura aurretik ezagutzeak, beste puntu bat ematen du. Kirol honekin errazagoa da kanpora joatea futbolarekin baino.
«Espainiar estatu mailan ez dago inor kirol honetatik bizi denik. Beste herrialde batzuetan uste dut bakarren bat baietz»
Aurtengo denboraldia zer moduz?
Momentuz oso ondo. Selekziora joateko hiru gutxieneko denbora dauzkat. Momentuz Espainia mailan ni eta beste bat gaude gutxienekoarekin. Momentuz nahiko ondo. Denbora aldetik, nire denbora hoberenak egiten ari naiz. Beraz, ondo.
Sasoi onean zaude, beraz.
Motibazio aldetik agian zerbait okerrago, etxetik kanpo bizita lan gehiago baitaukat. Egun guztia korrika nabil. Entrenatzera joatea kosta egiten zait.
Larunbatean Ordizia Urpekoak Saria jokatuko da Majori kiroldegian. Bertan izango zara?
Bai, bertan izango naiz. Entrenatzaileari esan nion nik egutegiaz hitz egiten aritu ginenean: Ordiziara seguru joango nintzela, besteetara ez nekiela. Ordiziakoa da segurua daukadan bakarra.
Hegats igeriketako zein modalitatetan moldatzen zara ondoen?
Murgilaldia egiten dut gehiena, aire konprimituko botila batekin ur azpian. Apnea ere bai, arnasa hartu gabe. Hala ere, ur azalean, tuboarekin ere moldatzen naiz. Beraz, gustatu, ur azpikoa gustatzen zait, baina ur azalekoa ere egin behar bada, egiten da.
Ordizia Urpekoak Sariak historia luzea du.
2014an izena aldatu zitzaion. Aurretik Ordiziako Opena zen, kanpotik jendea etortzen zen. Italiatik… Ez dut gogoratzen txapelketarik gabeko urterik.












