"Tornua eta egurra munduarekin hitz egiteko modu bat dira"
Espainiako Artisautza Saria irabazi berri du Galizian bizi den Aitor Martinez legazpiarrak. Tornuan landutako egurrezko piezak egiten ditu, eta laster erakutsiko ditu Legazpin.
Aitor Martinez artisaua, 'Munduak' bildumako hainbat lanekin. @rodcone_studio Aitor Martinez Lopez de Arbinak (Legazpi, 1969) lekua egin du Espainia mailan, Pontevedrako Tomiño herrian duen tailerrean egurra torneatuz egiten dituen artisau piezekin. Sormeneko torneatze lanak egiten ditu, eta Munduak izenarekin bildutakoekin, estatuko artisautza saria eman zioten iazko abenduan, produktuaren atalean.
Pozik egongo zara sariarekin.
Gauza polita izan da. Sariagatik ez naiz artisau hobea sentitzen, baina egia da egiten dudan lanari aitortza handia dela.
Aurretik ere irabaztetik gertu egon zara.
Bai. 2022an Frantziara joana nintzen torneatze ikastaro bat egitera, eta han nengoela esan zidaten finalistetako bat nintzela ekintzaileen atalean. Hasiberria nintzen, ez neraman urte bat ere lan honetan, eta ikaragarria izan zen. Eta duela bi urte ere finalista izan nintzen, Galiziako artisautza sariketan eta Espainiakoan ere bai, produktuaren atalean.
Sariketak garrantzitsuak al dira?
Nik uste dut baietz, aurkeztu egin behar zara zuk egiten duzun lanak merezi duela uste baduzu. Irabaztea zaila da, jende asko garelako eta inguruko lanak oso onak direlako, eta ez baduzu lortzen, hurrengo urteko edizioan pentsatu, eta aurrera.
Nolakoa izan zen sari banaketa ekitaldia?
Madrilen izan zen, eta bi alabekin eta lagun batekin joan nintzen. Finalista nintzela banekien, eta badaezpada hitz batzuk prestatuta eramateko esan ziguten, baina nik ez nuen ezer prestatu. Irabazlea nintzela entzun nuenean, oso hunkigarria izan zen, eta saria jasotzea taulatura igo nintzenean esan nuen guztia oso ondo zegoela, baina ez ahazteko gu bezalako artisauen proiektuak benetan babesteko dirua mahai gainean jarri behar dela.
Zer da zuretzat egurra torneatzea?
Duela urte gutxi aurkitu dudan jarduera bat da, eta gogoratzen dut hasieran, askatasunerako bide bat bezala ikusi nuela. Tornuarekin eta egurrarekin munduarekin hitz egiteko modu batekin egin nuen topo. Aurretik ibilia nintzen egurrarekin lanean, baina torneaketa ez nuen ezagutzen.
Lanbide bihurtuta duzu.
Legazpin bizi nintzela Urtatza aroztegian egin nuen lan Luxio Aztiriarekin. Urteetara, Galizian dagoeneko, nire bizitzara itzuli zen egurra, eta torneatzen hasi nintzenean oso gustuko nuela ikusi nuen, eta egiten nituen piezak ondo saltzen hasi ziren. Horrela, iritsi zen unea orduan beste toki eta arlo batean egiten nuen lana utzi eta autonomo gisa alta emateko. Frantzian egin nuen ikastaro haren ondoren izan zen, dena ematea erabaki nuen orduan.
Ondo atera al da?
Bai. Apustu handia izan zen, baina ordainsaria ere garrantzitsua zen. Bai, ondo atera da. Gainera, autonomoa izanda, ez dut ordutegirik eta denbora nire erara antolatu dezaket. Horri esker, adibidez, nire alabekin egoteko denbora gehiago dut orain. Bere alde txarra ere badu, hilaren bukaerak denentzat berdinak direlako… Lan eta lan egin, sariketetara aurkeztu… gauzak ateratzen dira, eskerrak.
Sari horiek izaten dute isla salmentetan?
Saria, lehen esan dudan bezala, nire lanari egindako aitortza da, eta sentitzea egin nuen apustu hark merezi izan duela. Baina egia da saria jaso eta berehala nabaritzen dela salmentetan. Instagramen eta webgunean bisitak igo egin dira, jendeak nire tailerra ezagutu nahi du, nire lanak saltzen ditudan dendara bezero gehiago joaten dira… Bai, gehiago saltzen da, ohi baino askoz ere gehiago. Saria bera ere dirua zen, 3.000 euro, nahiz eta atxikipenekin gutxiagoan geratu.
Bestelako oihartzuna ere izan du sari horrek.
Egunkaritako azalen batean edo bestean agertu naiz, irratietan elkarrizketak egin dizkidate… Bai, izan du oihartzuna, publizitatea izan da niretzat, eta horren ondorioz ere ikusi da mugimendua salmentetan.
Eta zer saltzen duzu?
Egurrezko piezak egiten ditut, apainketarako batez ere, baina baita ontziak ere, erabilgarriak. Tornuan ematen diet forma. Egur berdea erabiltzen dut, eta horrek esan nahi du lehortzen denean galdu egingo duen hezetasun handia duela. Nik pieza egiten dut, eta lehortzen doan heinean, konformatu egiten da, egurrak berak nahi duen forma hartzen joaten da, nahi duen lekura joaten da, bere izaera duelako. Orain arte, eta artisauen munduan, asko aipatu izan da materialarekin egiten den elkarrizketa, baina nik gehiago esaten dut garrantzitsuena dela konektatuta egotea egiten duzunarekin, egiten duzun lanean zure barruan duzun hori ateratzea.
Saria Munduak izeneko bildumarekin irabazi duzu.
Bilduma irekia da, ez dago itxita. Nire ustez egurra oso material polita da, eta pieza bati olio pixka bat emanda, oso ondo geratzen da. Orduan, pieza sendoagoak egiten hasi nintzen, aurrekoak bezain finak ez zirenak, egur asko erabilita, pisu handikoak, borobilak… Lizarrezkoak ziren, eta eman nien tratamendu berezi batekin, egurraren taninoek erreakzionatu egin zuten, eta tonalitate desberdinak agertu ziren. Emaitza izan zen planeta itxurako bola batzuk, eta hortik jarri nion Munduak izena bildumari. Gainera, nire tailerretik Miño ibaiaren beste aldeko mendiak ikusten dira, Portugalgoak, eta pentsatu nuen, han dago Portugal, hemen Galizia… bi mundu, horiek ere. Eta garai bertsuan irakurri nuen Heidegger filosofo alemaniarraren esaldi bat, esaten zuena denak mundu desberdinetan bizi garela, baina denek honetan egiten dutela bat. Bildumari Munduak izena jarrita, mugak elkargune gisa aldarrikatu nahi izan ditut batez ere.
Bilduma irekia dela esan duzu.
Bai. Nik eskura dudan egurraren arabera egiten dut lan, eta egur zati bat hartu eta bilduma honetan kokatu daitekeela ikusten badut, bilduma horretarako landuko dut.
Zertan ari zara lanean orain?
Duela gutxi Legazpin egon naiz, eta nire lanak bertan erakusteko aukera zabaldu da. Ikaragarria da hori niretzat. Pare bat proiektu ditut esku artean, eta esan dezakedan bakarra da laster izango direla hor ikusgai hainbat lan. Hogei urtetik gora dira Legazpi utzi nuenetik, baina lagunak eta ezagun asko ditut oraindik herrian. Ilusio handia egiten dit nire lanak herrira eramatea, eta horrela, oraintxe irabazi dudan sari hau legazpiar guztiekin konpartitzeko aukera izango dut laster.













