Emakume eta neska zientzialariei eskainitako egunak datoz Legazpin
Udalak bat egin du Emakume eta Nesken Zientziaren Nazioarteko Egunarekin. Jarduerez beteriko egitaraua prestatu du otsailaren 2tik 11raino. Herriko lau zientzialarik solasaldia egingo dute asteartean.
Solasaldian parte hartuko duten lau zientzialariak: Jone Narbaiza, Maialen Mendinueta, Nora Altzelai eta Irati Zurutuza.Hitza Legazpiko Udalak bat egin du otsailaren 11n ospatzen den Emakume eta Nesken Zientziaren Nazioarteko Egunarekin, eta ekintzaz beteriko egitaraua prestatu du datozen egunetarako. Zientziaren arloan ibilbide profesionala egin duten emakumeak ikusgai jartzea, eta oraindik existitzen diren oztopoak eta estereotipoak hausten laguntzea da helburua.
Joan den ostiralean eman zioten hasiera egitarauari, Ana Galarraga zientzialari eta komunikatzaileak Petti abeslariarekin batera eskaini zuen Frankenstein agurgarria musika errezitaldiarekin. Hurrengo astean izango du segida, herri osora zabalduko diren jarduerekin.
Erakusketak eta ginkana
Emakumezko zientzialariei eskainitako egitarauak Legazpiko merkatarien babesa jaso du. Hala, udalak Elhuyar elkartearekin batera antolatuta, otsailaren 2tik 11ra, herriko 28 saltokitako erakusleihoak zientziaren aurrerapena bultzatu duten emakumeen biografietan inspiratutako irudiz beteko dira, eta dibulgazio ibilbide bihurtuko dituzte. Bertan, ginkana bat egiteko aukera izango dute legazpiarrek, zientziako emakumezko erreferenteak ezagutuz.
Ikastetxeek ere bat egin dute. Alde batetik, Olamendi eskolak eta institutuak zein Haztegi ikastolak ginkanan parte hartuko dute datozen egunetan, eta ginkana osatzen dutenen ikasleen artean antzerkirako sarrerak zozkatuko dituzte. Bestetik, ikastetxe barruetan Kimikarin taldeak dinamizatutako Emakume kimikarien tailerrak izango dituzte ikasleek, eta esperimentu praktikoak eta dibertigarriak egiteko aukera izango dute.
Beste erakusketa bat ere izango da otsailaren 2tik 11ra, Kultur Etxean. Hori ere emakume zientzialariei egongo da eskainita, eta bertan, hainbaten ibilbideak ezagutzeko pelikula eta irakurketa gomendioak jarriko dituzte bisitarien eskura.
Herriko bertako zientzialariak ez ditu ahaztu nahi udalak, eta horietako batzuk gonbidatuta, mahai inguru bat antolatu du otsailaren 3rako.
Herriko zientzialariak
Legazpiko emakume zientzialariei leku berezia egin die udalak Emakume eta Nesken Zientziaren Nazioarteko Egunarekin lotutako egitarauan, eta lau gonbidatu ditu datorren astearterako, otsailak 3, antolatu duen mahai inguruan parte hartzeko. Zientzialariekin solasean izenburupean, Kultur Etxean izango da hitzordua, 18:00etan.
Ordu eta erdiko solasaldia izango da, eta egitarau berezi honi hasiera eman zion Ana Galarraga izango da gidaria. Gonbidatuak, berriz, Maialen Mendinueta Urkia ortodonzista, Irati Zurutuza Renom kimikaria, Jone Narbaiza Martinez de Albeniz bioteknologoa eta Nora Altzelai Uribetxeberria adimen artifizialeko software ingeniaria izango dira.
Solasaldian, hainbat hari mutur landuta, lau legazpiar zientzialari hauen esperientziak eta ibilbideak ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek












