«Gogoa daukat jakiteko nola hunkitzen duen lanak pertsona»
‘Desobedienteak 18/98’ antzezlana Usurbe antzokian taularatuko du Tanttaka Teatroak ostiralean. Omar Somai Lasa (Garin, Beasain, 1991) da antzezleetako bat.
Omar Somai Lasa aktorea.Laida Goiburu Antzerki Garaia zikloaren barruan, Desobedienteak 18/98 antzezlana taularatuko du Tanttaka Teatroa ekoiztetxeak ostiralean Usurbe antzokian, 20:30ean. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak Euskal Herriko mugimendu sozial, kultural eta politikoen aurka bideratutako makro-auzia du oinarrian. Antzezleetako bat da Omar Somai (Garin, Beasain, 1991).
Urtarrilean Arriagan estreinatu zenuten obra. Zer moduzko harrera izan du?
Oso-oso harrera ona. Egon garen toki guztietan ia bete edo bete dugu aretoa. Bagenekien, behintzat belaunaldi batetik gora, bastante ukituko zuela, baina ez genuen espero hainbeste gazte egotea. Egun mundua dagoen bezala, bai Amerikako Estatu Batuetan gertatzen ari denarekin, bai Espainiar estatuan gertatzen ari denarekin… oso ondo egokitu da gaia eta ondo dago berriz barruan dugun hori piztea.
Gazte askok ez dute jakingo zer izan zen 18/98 auzia. Dokumental kutsua du lanak? Gertatu zena ulertzeko balio du?
Bai. Obran izenak fikzionatuak dira. Tesi bat aurkezten du Ainhoa izeneko batek desobedientzia zibila gaiari buruz, eta ahalegintzen da 18/98 auziko elementuak internazionalki eta historikoki gertatu diren gauzekin lotzen; Euskal Herritik Indiara, Estatu Batuetara, Ingalaterrara… munduko toki ezberdinetara goaz. Desobedientzia zibila kontzeptu bera da mundu osoan, jendeak duen zerbait da.
Gaurkotasuna du?
Daukan gauza berezia da ahal dugula joan 1930era eta gauza iguala dela. Errealitate batean edo bestean konplikatuagoa da borrokatzea eta sinesten duzun hori defendatzea, baina orain gertatzen ari dena, gertatu izan zena, gertatuko dena… beti presente dago, garai batean edo bestean.
Kritika egiten dio gaur egungo gizarteari agian obedienteegia izateagatik?
Ez nuke esango gizartearen gain uzten duenik ardura hori, baina gehiago zentratzen da gizarte obediente bat eratzeko estrukturatu den sistema batean; poliziak duen inpunitate maila, politikoki bizitzen dugun egoera… Nire iritzia da urrutiegi geratzen zaigula desobedientzia; ez daukagu irisgarritasun hori gizarte bezala, legegintza egituratzen duten moduan espazio estua dugu. Jende askok ez daki bere eskubideak zein diren ere, horrenbeste legerekin ez dakigu non murgildu gaitezkeen.
«Gehiago zentratzen da gizarte obediente bat eratzeko estrukturatu den sistema batean»
Informatu behar izan zinen hasi aurretik gaiaren inguruan?
Pila bat. Ni kanpoan bizi nintzen, nire ama ere kanpoan bizi zen. Ama kazetaria da, eta amak esan zidan gertatu zenean ere, eta Auzitegi Nazionalak absoluzioa eman zienean fundaziokoei adibidez, albisteetan ere ez zela agertu, ez zitzaiola oihartzunik eman, isilean bezala pasatu zela. Informatu behar izan nuen, eta egun oraindik funtzio bat egin bitartean konturatzen naiz gauza gehiagoz ere.
Zer paper duzu zuk antzezlanean?
Nik eta beste hiru antzezlek paper desberdinak dauzkagu, tesia egituratzen joaten gara. Indiara bagoaz, Gandhi dago, eta Amerikako Estatu Batuetara joaten bagara Martin Luther King dago, Rosa Parks dago… Tesian lantzen den hori marrazten joaten gara. Horrez gain, Joserra Zabaleta Fundazioan –fikziozko izena– eta horko pertsonaia batzuetan zentratzen gara. Joaten gara azaltzen zer gertatu den Joxemi Zumalaberekin eta beste kasu batzuekin ere.
Oso ondo idatzita dago, Maria Goirizelaiak kristoren lana egin zuen. Eta adaptazioa ere itzela da, Fernando Bernues eta Mireia Gabilondo zuzendariena, bisualki harrigarria izan dadin eta segitzeko erraza. Informazio asko da eta guk ere egon behar dugu oso kontzentratuta. Nire kasuan, ez nuenez auzia bizi izan, esfortzu gehiago eman behar diot konektatzeko.
Bi bertsio daude: euskaraz eta gaztelaniaz. Zu bietan zaude. Ze zailtasun ditu horrek?
Gaztelaniazko bertsioan Miren Arrieta daukagu Ainhoaren paperean, eta euskarazkoan Aiora Enparantza. Pertsonaia horrek dauka haria. Eta besteok, Kepa Errastik, Iñigo Azpitartek, Klara Badiolak eta nik, bi bertsioak egiten ditugu. Konplikatua da, esango nuke, terminologia konplikatua duelako. Nik euskara batua ez nuen jaso txikitan, nik sukaldeko euskara daukat. Testua iritsi zen egunean hasi nintzen ikasten eta eman egin behar zaio.
«Nik euskara batua ez nuen jaso txikitan, nik sukaldeko euskara daukat»
Garinen jaioa zara, baina hainbat herrialdetan bizi izan zara.
Aita tunisiarra zen, eta ama Garingoa. Suitzan elkartu ziren ikasten ari zirela, eta han ezkondu ziren. Eta handik New Yorkera. Arreba han jaio zen, gero Irakera joan ziren, baina gerra kontu bategatik ama hona etorri zen, eta Zumarragan jaio nintzen ni. Gero Jordaniara joan ginen, eta ondoren Libanora. Nire aitak NBE Nazio Batuen Erakundean egiten zuen lan itzultzaile bezala, eta bere lanaren arabera mugitu izan ginen. Erroman ere bizi izan nintzen, eta gero ni New Yorkera joan nintzen, nire ametsa zelako han interpretazioa ikastea.
Euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, arabiera eta italiera dakizkizu. Horrek laguntzen du interpretazioan?
Etxean lau hizkuntza egiten ditugu: arabiera, frantsesa, euskara eta ingelesa. Aitak arabiera eta frantsesa egiten zuen, amak euskara eta frantsesa, eta Libanon geundenez arrebarekin nahasketa bat egiten genuen. Gaztelania 17 urterekin ikasi nuen, hona etorri nintzenean. Asko lagundu dit. Eta konplikatua ere egin zait. Ingelesez, arabieraz eta frantsesez antzerkia landu izan dut, eta nik uste nuen hizkuntza horietan egin ahalko nuela hobeto, baina orain ikusten dut gehiago ere erabili ditzakedala. Pertsonalitate diferenteak edukitzea da hizkuntza ezberdinak edukitzea. Ingelesez gaztelaniaz baino graziosoagoa naizela esango nuke, eta euskaraz orain gehiago zentratzen naiz testuan.
Ostiralean Beasainen aurkeztuko duzue Desobedienteak 18/98. Lehen aldia izango da zuretzat Beasainen antzezten?
Usurbe antzokian bai. Garingo festetan egin nuen elizan emanaldi bat, Fikziohesioa izenekoa, eta super polita izan zen, baina ni beldurtuta nengoen auzotarren aurrean antzeztuko nuen lehen aldia zelako. Usurberako gogo handia daukat, baina nerbio puntu handi bat ere badaukat. Antzoki hori betetzen bada, jende asko da. Ez dakit nork konektatuko duen gaiarekin, eta gogoa daukat jakiteko nola hunkitzen duen lanak pertsona. Gu hunkitzen gara besteak hunkitzen badira.













