Jarduera fisikoa, elikadura eta gaixotasun kronikoak Legazpiko Udalaren jomugan
Hiru esparru horien bueltan antolatu du urteko agenda Aktibatu Legazpi egitasmoak. Belaunaldien arteko dinamika batekin hasiko dira, hilaren 27an. Lehen kanpainarako igerilekuan gauzatzeko erronka ere antolatu dute.
Mikel Aramendia eta Josu Galilea, Aktibatu Legazpiren aurtengo kanpainen aurkezpenean.Tere Madinabeitia Aktibatu Legazpi egitasmoak prestatu du urte osorako agenda. Bertan jasotako kanpaina nagusiek jarduera fisikoa, elikadura osasungarria eta gaixotasun kronikoaren prebentzioa izango dituzte ardatz. Urteko lehen kanpainarako ekintzak zehaztu dituzte dagoeneko, jarduera fisikoaren sustapenean zentratuta, eta aste honetan aurkeztu dituzte Athlon enpresako Mikel Aramendia kirol teknikariak eta Josu Galilea kiroletako zinegotziak.
Legazpiarren artean ohitura osasungarriak sustatzea dute helburu kanpaina hauek.
Jarduera fisikoa
Lehen kanpaina urteko lehen hilabeteetan gauzatutako da jarduera fisikoaren sustapenari eskainita, eta hilaren 26an hasiko da. Belaunaldien arteko dinamika bat antolatu dute egun horretarako, «adin desberdinetako pertsonak elkartu, elkarrekin mugitu eta harremanak sendotzeko helburua» izango duena. Ondoren, martxorako, igerilekuan gauzatzeko erronka ludiko bat proposatu dute. Eta amaitzeko, indarra lantzeko ariketen eskuorri bat sortu eta banatuko dute martxoko azken astean, «etxean edo egunerokoan ariketa errazak egiteko aukera emanez».
Gainera, otsail eta martxo bitartean, Garagune eta Meaztiko profesionalei formakuntza saioak eskainiko dizkiete, bertako erabiltzaileei jarduera fisikoa egiten laguntzeko tresnak eta baliabideak emateko.
Elikadura osasungarriari buruzko kanpaina apirilean, maiatzean eta ekainean gauzatuko da, eta gaixotasun kronikoen prebentzioari eskainitakoa, urrian, azaroan eta abenduan.
Lehen emaitzak eman ditu
Herritarren artean bizi-ohitura aktibo eta osasuntsuak sustatzeko helburua du Aktibatu Legazpi egitasmoak, eta udalak jarri du martxan, Athlon enpresaren bitartez. Horren baitan 2024ko azaroan sortu zuten Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzuak hainbat jarduera antolatu eta koordinatzen ditu, «helburu garbi eta garrantzitsu batekin: pertsona aktiboak ez direnak aktibo bihurtzea». Mikel Aramendia da zerbitzu horren burua.
Galileak aurtengo kanpainen aurkezpenean zehaztu zuenez, orain arte 250 hitzordu baino gehiagori egin die arreta zerbitzuak. Bere kontura joandako herritarrak, eta Gizarte Zerbitzuetatik eta gehien bat Osasun Etxetik bideratutakoak izan dira arreta horren hartzaileak. Galileak KOI Koordinazioa, Oreka eta Indarra programa ere gogoratu du, lehen jarduera fisikoa egiten ez zuten 18 pertsona ari direlako bertan parte hartzen, astean bi egunetan.
Lehen emaitzak ematen hasi da beraz, udalak jarduera fisikoa bultzatzeko egindako «apustu sendoak». Ildo horretan, Gorputza mugitu, burua argitu leloa jarrita, aurtengo udal egutegia ere gai horren inguruan osatu dute.
Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua doakoa da, eta Legazpiko biztanle guztientzat da.












