Larunbatean mendira, Legazpiko Gaztetxearen plana
Hilean behin mendi irteera bat egingo dute, larunbatetan, gazteei zuzenduta bereziki. Lehen irteera Arranoaitzera izango da, larunbat honetan. Gaztetxetik abiatuko dira, 09:00etan.
Legazpiko Gaztetxeak eta Gazte Asanbladak atal berri bat gehitu diote dagoeneko oso betea duten jarduera esparruari. Garai bateko mendi taldea berpiztu egin dute, eta hilean behin irteera bat egitekotan dira Korosti Trail antolatzen duen taldearekin elkarlanean.
Aro berri honetako lehen irteera larunbat honetan bertan izango da, otsailak 7. Arranoaitz mendia izango da helmuga. Ibilbidea 13 kilometrokoa da guztira, eta 600 metroko desnibelekoa. Ez da izena eman beharrik, eta parte hartu nahi dutenek Gaztetxean 09:00etan agertu besterik ez dute. Arranoiatzeko mendi tontorrean hamaiketakoa izango da, baita amaieran ere, Gaztetxean.
Hilean behin, larunbatetan
Lehenagotik ere bazuen mendiari eskainitako taldea Gazte Asanbladak, baina urtean pare bat irteera antolatzera mugatzen zen, «negu inguruan eskiatzera joateko, eta uda partean Pirinioetan, ibilbide bat egiteko», Beñat Iturbek azaldu duenez. Orain esku artean duten proiektuaren helburua «hilean behin irteera bat egitea da, bide ezberdinak ezagutuz, jendeak mendiaz goza dezan, elkartasunean».
Hilean behin antolatuko dute irteera bat. «Hasieran Legazpi inguruan ibiliko gara batez ere, baina egitasmo honek arrakasta badu, kanpora ere joango gara, beste mendi edo tontor batzuk egitera». Legazpitik gertu mendi martxaren bat baldin badago, horretan parte hartzeko aukera ere aztertu dute, «inguruko mendi martxei indarra emateko».
Izadi Zaleak mendi elkarteak ere antolatzen ditu irteerak igandeetan, «baina gureak beste profil bateko jendearentzat dira, eta uste dugu osagarriak izan daitezkeela. Gure irteerak larunbatetan izango dira, eta bereziki gazteei zuzendutakoak». Hala ere, herritar guztiak gonbidatzen dituzte parte hartzera.
Irteeren berri sare sozialen bidez zabaldu dute.













