Merkatarientzat gune berria izango da Legazpin
Saturnino Telleriako udal lokaletan egongo da kokatuta. Udala, UGGASA eta Ilintiren arteko elkarlanaren emaitza da zerbitzua. Pili Gutierrez arduratuko da denda eta zerbitzuei arreta emateaz.
Legazpiko merkatariek gune berri bat izango dute laster, Saturnino Telleria kaleko udal lokaletan, lehengo musika eskolan. Merkataritzako Laguntza Puntua deituko da, eta aurretik alor horren dinamikan lan egiten ari den Pili Gutierrez Jaunarena izango da teknikari arduraduna.
Gune berri honek elkarlanean egingo du lan udalarekin eta Ilinti Legazpiko merkatari elkartearekin. UGGASAren laguntza ere izango du, Urola Garaiko garapen agentziaren Ekintzailetzarako eta negozio berrietarako aholkularitza zerbitzuaren bidez. Erakunde hauen arteko elkarlanaren helburua tokiko merkataritzari laguntzeko sare sendo bat osatzea, eta sektoreak dituen erronkei aurre egitea da.
Bulego hau, gainera, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak bultzatutako Merkasaretxea Merkataritzako Laguntza Puntuen Euskal Sarearen barruan egongo da.
Doako zerbitzua
Merkataritzako Laguntza Puntu honek doako zerbitzua eta arreta espezializatua eskainiko die Legazpiko denda txiki eta zerbitzu-establezimendu guztiei, «hurbiltasunean eta hiri merkataritzaren errealitatearen ezagutzan oinarrituta».
Aholkularitza eta laguntza pertsonalizatua eskaintzeaz gain, merkataritzari zuzendutako diru laguntzei eta bestelako laguntzei buruzko informazioa ere emango du. Merkataritzarentzat interesgarriak diren gaiei buruzko orientazioa ere bertan izango dute eskuragarri. Gainera, prestakuntza ikastaroak antolatuko ditu. Hori guztia, tokiko merkataritzaren sustapenarekin eta dinamizazioarekin egingo du, eta merkatarien elkartegintza bultzatzea ere izango du helburu.
Merkataritzako Laguntza Puntua Saturnino Telleria kaleko lehen zenbakian egongo da kokatuta, eta 684 806 074 telefono zenbakia, merka.legazpi@gmail.com helbide elektronikoa eta @merka.legazpi instaram kontua izango dira harremanetarako bideak.













