Oriako Tramanak Herriarteko txapelketaren Goierriko lehen finalistak
Legazpin jokatutako lehen kanporaketa irabazi dute, Bertso Olariak eta Xelebreak taldeei aurre hartuta. Maddi Aiestaran, Duna Urteaga eta June Aiestaran gazteek osatutako hirukoak Lazkaoko Goierriko finalerako txartela eskuratu dute.
Legazpiko Gaztetxea bertsozaleez bete zen joan den ostiral iluntzean, Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketaren Goierriko lehen kanporaketaren harira. Legazpi bertako bertso Olariak, Beasaingo Oriako Tremenak eta Goierri osoko Xelebreak taldeko kideek jardun zuten bertsotan, martxoaren 7an Lazkaon jokatutako den eskualdeko finalerako txartel bila.
Txartel hori Beasaingo taldeak eskuratu du, eta Maddi Aiestaran, Duna Urteaga eta June Aiestaran bertsolari gazteak izan dira arduradunak. Lehen aldia izan da hiruko honek Herriartekoan parte hartu duena.
Goierriko hurrengo kanporaketa ostiral honetan jokatuko da, hilaren 13an, Ordizian, eta bertan, Zumarraga-Urretxu 2, Osinalde 2 eta Legorreta taldeek parte hartuko dute. Hirugarren eta azken kanporaketa hurrengo astean izango da, hilaren 20an Ataunen, Zumarraga-Urretxu 1 eta Osinalde 1 taldeekin.
Hiru kanporaketetako irabazleak Goierriko finalean neurtuko dira, Lazkaon, martxoaren 7an. Finala irabazten duenak, Tolosaldeko ordezkarien aurka izango du saioa, Zaldibian.
ARGAZKIAK: Izaro Villarreal














