Gazta saltzaile berria dago ferian
Ana Etxeberriak hartu du Arizmendi gazta salmenta postuaren ardura, Ixiar ahizpari erreleboa hartuta, eta ardi gazta berriarekin hasi du jarduera. Udaberriko aza eta baratxuri freskoa ere berriak ziren gaur.
Inauterien bezperako feriak ez ditu berritasun asko utzi gaur, baina aurpegi berri bat bai, saltzaileen artean. Ana Etxeberria Arizmendirena da, eta udaletxe azpian kokatzen den Arizmendi gazta salmenta postuaren arduradun berria da, Ixiar ahizpari erreleboa hartu eta gero. Udaberriko aza eta baratxuri freskoa ere aipatu behar dira berritasunen artean.
Baita bisitak ere, horiek beti jartzen dutelako giro berezia Ordiziako feria gunean eta herriko erdigunean. Gaurkoan gaztez bete dira bai plaza bai inguruko kaleak. Villabonako Zubimusu ikastolako DBH-3ko ikasleak ziren, 51 guztira.
Gazta saltzaile berria
Gazta saltzaile familia baten laugarren belaunaldikoak dira Ana eta Ixiar Etxeberria ahizpak. Joxepa birramonak hasi zuen leinua, Manuela amonak eman zion jarraipena, eta gero Pepita amak eta Patxi aitak jarraitu zuten, Ixiarrek postuaren kargua hartu arte. Orain, Anak hartu dio erreleboa ahizpa zaharragoari, gazte-gaztetatik ikasitako bidea jarraituz. Izan ere, lehendik ere ezagutzen zuen ofizio hori, noizean behin gurasoei laguntzera joaten zelako Ordiziara. Administrazio lanak egiten zituen ikastetxe batean, eta lanbide hori utzita heldu dio familiaren negozioari. Ilusioz beteta agertu da gaur bezeroen aurrean.
Eta ilusio handiarekin aurkeztu du postuan salgai jarri duten ardi gazta berria. Bi gazta mota dituzte: bata Amezketako Oteiza Goikoa markakoa, eta bestea, Idiazabalen egindakoa. Ez batak ez besteak ez dute Idiazabal gaztaren zigilurik, eta kiloa 22 eta 24,9 euro artean saltzen dute.
Udaberriko barazkiak
Inauteriak ez dira oraindik igaro, baina udaberriari begira jarrita dago feriako eskaintza. Gaur bi produktu berri aurkeztu dituzte Plaza Nagusian. Udaberriko aza izan da bat, eta Maria Jesus Oriak jarri du salgai, 3 euroan pieza. Oraintxe da aza mota honen garaia, urteko beste sasoi batzuetan izaten bada ere.
Antzekoa gertatzen da baratxuri freskoarekin. Ia urte osoan izaten da, boladaka, eta aste honetan Aramatik ekarri dute Miren Jauregi eta Jaione Irazusta ama-alabek, sorta 2 euroan jarrita.
Garai honetakoak dira baita ere Iñaki Azanzak salgai jarritako udaberri loreak. Kolore bizikoak eta askotakoak ditu salgai, bakoitza 2,5 euroan. Datorren astetik aurrera eskaintza zabaltzen joango dela iragarri du.
Eta gaur, azken asteetan bezala, perretxiko gutxi jarri dituzte salgai. Lasaren postuan 15 kilo mendiko angula besterik ez zuten, kiloa 26 euroan.














