Kadete mailako 190 judoka elkartu dira asteburuan Legazpin, nazioarteko judo txapelketan
Judo Legazpi klubak antolatuta, txapelketaren bosgarren edizioa izan da. Herriko bertako bederatzi judoka ere izan ziren lehian.
Legazpi Herria 2026 kadete mailako nazioarteko judo txapelketak 190 kirolari elkartu zituen larunbatean Urbeltz pilotalekuan. Legazpikoak bertakoak, Euskal Herrikoak, eta Espainiako hainbat lurraldetako judokak ziren partaideak, Kantabriakoak, Aragoikoak eta Burgoskoak. Judo Legazpi klubak antolatuta, txapelketaren bosgarren edizioa zen.
Judo Legazpi klubeko bederatzi ordezkari ere izan ziren lehian, eta horien artean emaitzarik onena Alfredo Suarezek lortu zuen, brontzezko domina irabazita -66 kg gizonezkoen kategorian. Gainera, Oier Astorquiak eta Oier Alustizak zazpigarren egin zuten, bakoitzak bere kategorian. Gainerako judokek maila ona erakutsi zuten, baina ez zuten emaitza aipagarririk lortu. Haitz Ezpeleta, Unax Larraza, Marcos Calvo eta Oier Gil, Aitzol Lantada eta Aratz Maseda ziren beste partaideak.
Bestalde, txapelketa hau puntuagarria izan zen Espainiako txapelketari begira Euskal Federazioarentzat, eta horrek sona handiagoa eman zion.
Judo Legazpi klub antolatzaileak boluntarioen lana goraipatu nahi du, 70etik gora izan zirelako lanean larunbat arratsaldean Urbeltzen, horien arten herriko judoken guraso asko. Udalak emandako laguntza ere eskertu nahi du, baita Sustrai fruta saltzaileen ekarpena ere, judoka guztiei eman zitzaizkien fruta sortak oparitu zuelako. Mugitegi Margoak eta Xaloa Estetika enpresek emandako laguntza ere eskertu nahi dute.
Legazpik judoarekin izango duen hurrengo hitzordu nagusia maiatzaren 7an izango da, haur mailako txapelketarekin. Baina klubeko arduradunek ezin dute oraindik ezer konfirmatu.
Judo Legazpik 50 urte betetzen ditu aurten, eta bi txapelketa horiez gain, 2026an zehar izango dira ekitaldi gehiago urteurren hori ospatzeko.
ARGAZKIAK: Gorka Gomez














