Euria eta mozorroak, Legazpiko inauterien osagai nagusiak
Ostegunean hasita, atzo amaitu ziren, Lintx panpina erreta. Eguraldi txarra egin arren, giro bikaina izan da asteburu osoan.
Legazpiko inauteriei Lintxek eta Katamaloek eman zieten hasiera ofiziala joan den ostiralean, eta atzo jai horien agurraz ere arduratu ziren, Sustraiak dantza taldeak kaleratutako Gipuzkoako inauterien konpartsa herrikoiaren amaiera ekitaldian. Lintx panpina erreta eta dantzarien eta egun osoan lagun izan zituzten Trapalata txarangako musikarien azken dantza eta doinuekin agurtu zituzten aurtengo inauteriak legazpiarrek, atzo iluntzean, Euskal Herria plazan.
Euria izan dute protagonistetako bat aurtengo mozorro jaiek, baina eguraldi kaxkarrak ez ditu zapuztu, eta giro paregabeaz ospatu dira asteburu osoan, atzoko eguna kenduta, aterpean.
Ostegunetik igandera
Lintx iritsi aurretik hasi zen mozorro asteburua Legazpin, Ostegun Gizenean Doinua Musika eskolako fanfarreak egindako kalejirarekin. Egun handia ostirala izan zen, bereziki arratsalde eta gau partean. Euriagatik, herriko ikasleen jaialdiak Urbeltz pilotalekuan eta Bikuña kiroldegian egin zituzten, eta ohiko desfilea bertan behera geratu zen. Gainera, Lintx eta Katamaloen ikuskizun txikia Azokan izan zen. Eta bertan jarraitu zuen festaren zati handi batek goizaldera arte, herriko kuadrilla batek egindako karrozako musikari esker. Beste karroza batek Kukue eta Giroa taberna inguruko aterpea girotzeaz arduratu zen, eta gaueko festa gune handi bat Aitxuri jatetxean kokatu zen, 80-90 hamarkadetako festarekin. Alaitasuna errondailak ere barrura eraman behar izan zuen 60-70 hamarkadei eskainitako inauteria, eta Laubide auzoko tabernak girotu zituen.
Larunbatean izan zuen jarraipena festak Legazpiko Gazte Asanbladak antolatutako inauteri jaiarekin, aurten marrazki bizidunei eskainitakoa, eta hori ere aterpean ospatu zen, Azokaren eta Gaztetxearen artean.
Igandea, azkenik, eta eguraldiak emandako tregoari esker, Sustraiak dantza taldearen konpartsaren eguna izan zen, eta Trapalata txarangak lagunduta, herri osoan zehar erakutsi zituzten dantzariek Gipuzkoako inauterietako dantzak. Goiz eta arratsaldez ibili zen konpartsa, eta amaitzeko, iluntzean Euskal Herria plazan elkartu, eta Lintx panpina erreta eman zieten amaiera aurtengo inauteriei.













