Burguera anaiak, Legazpiko parrokiaren zaindariak
Legazpiko eliza nagusiko konponketa txikiak egiteko sortu zuten 2018an Parrokiko mantentze taldea, eta horren kide dira Ricardo, Paco eta Juan Mari Burguera anaiak, beste boluntario batzuekin batera. Ondarearen zainketaz eta berreskurapenaz ere arduratzen dira.
Ricardo, Paco eta Juan Mari Burguera anaiak, Legazpiko parrokiko portiko nagusianTere Madinabeitia Legazpin ezagunak dira Ricardo, Paco eta Juan Mari Burguera anaiak, bakoitza bere esparruan. Ricardok Alaitasuna errondailan jotzen du, Latxartegi parke ondoan jaiotza erraldoia muntatzen zuen taldeko kideetako bat zen Paco, eta Juan Mari buztina eta burdina lantzen dituen eskultorea da. Oso esparru desberdinak dira hirurak, baina badute beste bat komunean: parroki eliza mantentzeaz arduratzen den taldekoak dira.
Azken asteetan hainbat lan egin dituzte eliza kanpoaldean. Sarrera nagusiko portikoaren sabaia margotu dute, kanpandorreko bi erlaitz inpermeabilizatu dituzte asfaltoarekin, eta fatxadetako harria garbitu dute hainbat puntutan. Ageri-ageriko lanak izan dira, eta enpresa espezializatuek egin dituzte, baina elizan badira ia oharkabean egiten diren beste makina bat lan. Horietaz arduratzen dira zuzenean Burguera anaiak, mantentze batzordeko beste kideekin batera.
2018tik lanean
Parrokiaren funtzionamendua Parrokia kontseiluak gidatzen du, eta horren barruan hainbat talde daude. Liturgia, ekonomia, gaueko gurtza, Caritas, garbiketa, lisatze, joste eta mantentze taldeak dira, eta bakoitzean sei-zortzi lagun biltzen dira. Denak boluntarioak dira
Mantentze lanez arduratzen den taldean Burguera anaiekin batera, Pablo, Javi eta Ciri ere badaude, eta elizako sotoan dute tailerra, tresna eta erreminta ugariz hornituta. Taldea 2018an sortu zen, Iñigo Mitxelena parrokoa zen garaian. Orduan egokitu zuten aroztegia, sotoan erabili gabe zeuden lokaletako bat berreskuratu eta gero. Ondoren, sotoko beste lokalak txukuntzen eta egokitzen joan dira, elizak dituen premien arabera.
Arotz lanak egiten dituzte batez ere, puskatutakoak konponduz eta ikusten dituzten hutsuneak betez. Elektrizitateaz ere arduratzen dira, mikrofonoez… «Ahal dugun guztia guk egiten dugu, etxean, eta 0 kostuaren filosofiari jarraituz, hau da, ahalik eta birziklatutako material gehiena erabilita: lanparak, tutuak… Material asko, baita erremintak ere, dohaintzak dira». Talde honen inplikazioari esker, konponketa txikietan «egunean» daudela diote hiru anaiek.
Bakoitzak du bere eginkizuna. Ricardok batez ere aroztegi lanak egiten ditu, eta kudeaketaz ere arduratzen da. Paco denetarako langilea da. Eta Juan Mariren ardura ondarea da.
Ondarea berreskuratzen
Eguneroko lan txikiak bakarrik ez, bestelako lanak egiteko denbora ere izan dute urte hauetan, besteak beste, organoa zaharberritzeko. «Denbora asko behar izan genuen, baina oso diru gutxi gastatuta, bere barrualdea agerian utzi genuen, jendeak bere funtzionamendua ikusi ahal izateko». Eta jendeak ikusi du, asko igo direlako horretarako espresuki elizako koruko bigarren solairura. Kanpandorrean ere egin dituzte lanak, eta argiteria jartzeaz gain, kanpaietan, kupulan eta erlojuan ere jardun dute.
Ondareari garrantzia handia ematen dio talde honek, eta Aste Santuko prozesioan ateratzen diren figurak edo pasoak berreskuratzen ere jardun du. «Bederatzi zeuden, sotoan gordeta nahiko baldintza kaxkarretan eta oso hondatuta, eta ez Seguran, jende askok uste zuen bezala. Denak berreskuratu eta atera ditugu berriz ere kalera, prozesioan». Lan horretan Patxi Otaegik emandako laguntza nabarmendu dute. Iaz amaitu zuten figura guztiak zaharberritzen, eta iazko prozesioan atera zituzten guztiak. Lan handienak egin dizkiete, baina mantentze lan txikiak etengabeak dira.
Figura horien artean «balio handiko artelanak» daudela dio Juan Marik, eta zaindu behar direla, Lorenzo Askasibarren Nazarenoa bezala. Zentzu horretan, eliza bera eta bere elementuak balioan jarri behar direla azpimarratu du, erretaula, eskulturak edo gaurko elizaren aurretik zegoen jatorrizko elizako bi aldare txikiak bezala. «Herriko historiaren parte dira».
Elizako ondarea berreskuratzen jarraitzeko asmoa du mantentze lanen taldeak, eta etorkizunera begira, sotoko lokaletako batean, udaletxe aldera ematen duen portikotik behera jaitsita zeuden komunetarako eskailerak agerian jarri nahi dituzte, kristal bat jarrita. Sotoan garai bateko garbitokiaren arrastoak ere badaude.
Lan hauek guztiak egiteko diruaren zati handi bat mezatan egindako bilketatik dator. Ricardok dioenez, «zorionez, gure altxortegia osasunez ondo dago, eta horrelako lanei aurre egiteko moduan gaude, beti ere dena tentuz administratuta».












