"Adimen artifiziala gure bizitza errazteko tresna bat da, baina ondo erregulatu behar da"
Lanbide bihurtua du legazpiar gazte honek adimen artifiziala. Industrian dituen aplikazioak ditu gogoko.
Euskal Herriko Unibertsitateak eskaintzen duen Adimen Artifiziala (AA) graduko lehen promoziokoa da Nora Altzelai (Legazpi, 2002). Titulua eskuratu eta gero, software ingeniari gisa lan egiten du CEIT Zentro Teknologikoan. Trenaren alorreko komunikazio proiektu batean dabil murgilduta.
Denon ahotan dabil adimen artifiziala, baina zer da?
Adimen artifiziala da teknika multzo bat, non makinei edo sistema informatikoei datuak emanda erakusten zaien patroiak ateratzen, eta horrekin predikzioak egite. Datuak analizatzen dituzte, patroiak eta adibideak ikusten dituzte, eta horien arabera erantzunak edo ereduak ematen dituzte. Erantzun horiek emateko, aurretik eman zaizkion datuetan oinarritzen dira. Tresna matematikoak eta estatistikoak dira gehien bat, eta kalkulua da egiten dutena.
Hori oso abstraktua da. Adibide zehatzik ematerik ba al duzu?
Bai. Eguneroko bizitzan adimen artifizialaz inguratuta gaude. Telefono mugikorrak aurpegia detektatzen digunean, edo behatzeko hatz marka, adibidez, adimen artifiziala da hori. Beste adibide bat: Netflix edo edozein plataformak hau edo hura ikusteko egiten dizkiguten gomendioak adimen artifizialak eginda daude. Eta Google Maps aplikazioak leku batera joateko proposatzen dizun bide azkarrena ere adimen artifizialaren emaitza da. Industrian ere asko erabiltzen da.
Zertarako erabiltzen da Adimen Artifiziala industrian??
Piezen akatsak detektatzeko, adibidez. Baina erabilera asko ditu.
Alderdi positiboak bakarrik aipatu duzu, baina negatiboak ere baditu, ezta?
Bai, baina jendearen erabilera okerragatik. Gezurrak diren berriak edo fake news deitzen direnak sortzeko, eduki desegokiak sortzeko… erabiltzen da askotan, eta horrek desinformazioa sortu eta beldurra eragiten du.
Eta zer egin daiteke horren aurrean?
Gehiago erregulatu behar den zerbait da. Eta erakundeek paper garrantzitsua dute horretan, adimen artifiziala zuzen nola erabili erakusteko garaian, mugatzeko garaian. Nire ustez formazio falta dago. Jendea informatu egin behar da, eta erakutsi nola erabili, dituen alderdi onak eta txarrak ondo berezituta.
Beldurra aipatu duzu lehen.
Jende askok sute du adimen artifizialak pentsamendu propioa duela, baina ez da horrela. Kalkulua eta estatistika da bakarrik, dena programazioa da. Kontua da gaur egun hainbeste datu daudela, ereduak edo modeloak oso ondo entrenatu daitezkeela eta oso emaitza errealistak ateratzen direla. Baina adimen artifizialak sortzen duen guztia aurretik dauden datu kopuru handi horregatik da, ez da makina batek arrazonamendua daukalako.
Zergatik erabaki zenuen Adimen Artifiziala ikastea?
Niri matematikak gustatzen zaizkit asko, eta zein karrera ikasi oso argi ez banuen ere, Matematikak egitea pentsatu nuen hasieran. Baina EHUk gradu berri hori sortu zuela jakin nuenean, eta matematikak eta teknologia berriak uztartzen zituela eta eguneroko bizitzan aplikazio asko zeuzkala ikusita, interesgarria iruditu zitzaidan eta karrera hori aukeratu nuen azkenean. Adimen Artifiziala da graduaren izena, baina ingeniaritza bat da.
Karrera zaila al da?
Lau urtetan egin dut, baina kostatu zait, egia esan, beste ikaskide batzuei baino gehiago, adibidez, informatikan ez nengoelako hain prestatuta. Baina asko sartuta eta ahaleginarekin, lortu dut. Lehen promoziokoa izan naiz, eta uste dut 30 izan garela guztira.
Zer harritu zaitu gehien adimen artifizialetik?
Egia da hasieran ez nekiela oso ondo adimen artifiziala zer zen, baina ikasi ahala ikusi dut zer den, eta gustatu zait. Eta gehien harritu nauena datuen analisia izan da gehien bat, adibidez, zein ahalmen duen ereduak entrenatzeko, eta bere eraginkortasuna. Industrian zenbat lagundu dezakeen ere ikaragarria iruditzen zait.
Berehala hasi zinen lanean?
Bai, iazko apirilean hasi nintzen, baina ikusmen artifizialari buruzko master bat egin nuen aurretik, adimen artifizialaren adar bat. Oso interesgarria iruditu zitzaidan irudietan eta bideotan aplikatutako adimen artifiziala. Azken finean, sistema informatikoek ulertu behar dute irudian ikusten dena, interpretatu egin behar dute. Lehen jarri dut adibidea, industriakoa: bideoaren edo sentsoreen bidez pieza batek duen akatsa detektatzen dute. Aplikazio hori oso interesgarria iruditu zait, gure ingurunea oso industriala delako, eta adimen artifiziala horretarako oso erabilgarria izan daitekeelako.
Non zabiltza lanean?
Donostiako Miramonen dagoen CEIT zentro teknologikoan. Nafarroako Unibertsitateak sortutakoa da, eta ikerketa du oinarria, batez ere industriara aplikatutako proiektuak. Ni Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren sailean nabil lanean. Trenaren alorrean eta automobilaren alorrean dago banatuta, eta nik trenarenean egiten dut lan gehien bat. Kanpoko enpresek jotzen dute gugana, proiektu zehatzak garatzeko, eta guk irtenbideak ematen dizkiegu.
Zein da zehazki zure lana?
Fisikoki ordenagailu baten aurrean egiten dut lan batez ere, kodeekin eta analisiak egiten. Baina proiektuaren arabera, batez ere ikusmen artifizialekoetan, lan hori entretenigarriagoa izaten da, sistema informatikoa elikatzeko datu bila atera behar zarelako, eta argazkiak edo bideoak egin behar dituzulako.
Orain zein proiektutan egiten duzu lan?
Proiektu bat baino gehiago ditugu esku artean. Trenaren alorrean, adibidez, matrikulen detektatzailearen proiektua ari gara lantzen. Telekomunikazioaren gaia ere jorratzen dugu.
Gustuko lana duzu?
Bai, asko gustatzen zait eta asko ari naiz ikasten. Gauza bat da karreran ikasten duzuna, baina gero praktikan jartzen duzu eta gai zehatzetan espezializatzen zara, nire kasuan trenaren alorrean. Aukera daukat hor aplikatzeko ikasi dudana, baina gauza berriak ikasteko ere bai, batez ere komunikazioaren gaietan. Gure lan honetan egunean egon behar zara beti, etengabe ikasten.
Nola ikusten duzu adimen artifizialaren etorkizuna?
Adimen artifiziala gu laguntzeko etorri da. Gure bizitza errazteko tresna bat da, eta ondo erregulatuta eta modu egokian erabilita, asko lagunduko digu, adibidez errepikakorrak diren lanetan, datuen analisietan. Nik etorkizun ona ikusten diot.
Ez al du lanposturik desagerraraziko?
Jende askok beldur hori du, eta ulertzen dut. Nik ez nuke esango lanpostuak desagerraraziko dituenik, baizik eta eraldatu egingo dituela. Lanpostu asko desagertuko dira, baina berri asko sortuko ditu aldi berean. Gizartea beti moldatu egin da sortu diren berritasunen aurrean, internetekin gertatu zen bezala, eta industria bera ere eraldatu zen.
Zientziaren alorra aukeratu zenuen ikasteko, eta lan egiteko. Emakume gutxi daude oraindik.
Unibertsitatean erdia edo izango ginen klasean, baina nik uste dut graduak Adimen Artifiziala izena zuelako izan zela, ingeniaritza izenarekin joan izan balitz, besteetan bezala, %5-10 izango ginela uste dute. Zientziaren mundua beti izan da gizonena, oso matxista, baina joango gara eraldatzen. Horregatik, animatu egiten ditut emakumeak zientziaren alorreko ikasketak egitera.












