Alcampo dendetako langileek Gipuzkoako elikagaien merkataritzaren hitzarmena izango dute
Estatuko hitzarmena aplikatzen zien enpresak lurraldean dituen 45 langileri, eta lurraldekoa aplikatzeko eskatuz demanda bat aurkeztu zuten Euskadiko Erkidegoko Auzitegi Nagusian. Aldeko epaia jaso dute. Goierrin bi Alcampo denda daude.
ELA sindikatuak jakinarazi duenez, lurraldeko Alcampo dendetako langileei Gipuzkoako elikagaien merkataritzaren hitzarmena aplikatuko diete, epaitegietan jarritako demanda irabazi eta gero. Enpresak Gipuzkoan dituen 45 langileei orain arte aplikatu dien estatuko hitzarmenak haien baldintzak okertu egiten dituela onartzen du epaiak.
Langileek demanda kolektiboa aurkeztu zuten ELAren bitartez Alcampo S.A.-ren aurka, eta Euskadiko Erkidegoko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman die, eta enpresa behartu du lurraldeko dendetan Gipuzkoako Elikagaien Industria eta Merkataritzako Hitzarmena aplikatzera.
Ebazpenak ezartzen duenez, Gipuzkoako dendetan kontratatutako 45 langile ingururi aplikatu beharreko hitzarmenak probintziakoa izan behar du, eta ez Biltegi Handien Estatuko Hitzarmena. Enpresak 2023an establezimenduak ireki zituenetik aplikatzen zuen Estatuko hitzarmena, baina horrek soldata eta lanaldia bezalako funtsezko gaietan langileen baldintzak okertzen dituela argudiatu du auzitegiak.
ELAk positibotzat jo du epai judiziala, uste baitu probintziako negoziazio kolektiboa indartzen duela, eta mugatu egiten duela enpresek “lan baldintzak okertzearen kontura lan kostuak murrizten dituzten Estatuko hitzarmenak ezartzeko aukera”.
Goierrin bi Alcampo denda daude, bat Legazpin eta bestea Ordizian.












