Bittor Agirre 'Bitti'-k bertsotan ospatu du 90. urteurrena
Atzo bete zituen 90 urte bertsolari brinkolarrak, eta oraindik bertsoak botatzeko sasoiko dagoela erakutsi zuen.
Bitti, 90 urteetako kandelak itzaltzen, atzo, Oiharte sagardotegiko ospakizunean.Pello Agirrezabal Bittor Agirre bertsolari brinkolarrak (Brinkola-Legazpi, 1936) 90 urte bete zituen atzo, eta familia artean egindako ospakizunean oraindik bertsoak botatzeko sasoiko dagoela erakutsi zuen.
Bitti ezizenez ezagutzen den bertsolariak Zeraingo Oiharte sagardotegian ospatu zuen 90. urtebetetzea etxekoez eta lagunez inguratuta, eta azken horien artean zegoen Pello Agirrezabal auzokidea. Honek bideoan jaso zuen bertsolariak bota zuen bertsoa.
Brinkolako Barrendiola baserrian jaioa, etxekoengandik jaso zuen bertsozaletasuna, eta bertsotan gazte-gaztetan hasi zen, bertso eskola auzoko taberna izan zuela. “Doinuak buruz ikasten genituen eta, lagun artean, saio luzeak egiten genituen”, gogoratu zuen Bertsolari Aldizkarian duela urte batzuk argitaratu zuen idatzi batean. Brinkolatik inguruko herri txiki eta auzoetako festetara egin zuen salto gero, eta urrutiagora ondoren. Gerora, Loiola Irratiak antolatutako txapelketa irabazitakoan, ezagun egin zen, eta plaza handiagotan abesten hasi zen, baita txapelketa eta sari gehiago irabazi ere.
Ibilbide luzea egin du Bittik bertsotan, eta bertsolaritzak txoko, plaza eta herri asko ezagutzeko aukera eman diola ere esaten zuen Bertsolari Aldizkarian, “baina batez ere bertsozale eta lagun bertsolari asko”. Iñaki Azarola auzokidea izan da horietako bat; makina bat saio egin dituzte elkarrekin.













