Egoitz Galdos eta Mikel Gorrotxategi, Espainiako arku-ehiza txapelketan
Arku konposatuaren modalitatean lehiatu dira, eta bosgarren eta hamahirugarren geratu dira hurrenez hurren. Txapelketa Madrilen jokatu da, aurreko asteburuan, eta David Guerreiro legazpiarra ere bertan izan da, Euskal Herriko ehiza federazioko ordezkari gisa.
Euskal ordezkariak, txapelketa egunean, tartean hiru legazpiarrak: Gorrotxategi, laugarrena ezkerretik hasita, eta Galdos eta Guerreiro, bigarrena eta lehena, eskuin aldetik. Legazpin badira arku-ehiza praktikatzen dutenak, eta horietako hiru, Espainiako ibilbideen txapelketan izan dira joan den asteburuan, Madrileko Fresno de Torote herrian. Egoitz Galdos eta Mikel Gorrotxategi txapelketan parte hartu dute, eta David Guerreiro Euskal Herriko Ehiza Federazioko ordezkari gisa joan da.
Espainiako eta Madrileko Ehiza federazioek antolatu dute txapelketa, Kirol Kontseilu Nagusiarekin elkarlanean, eta aurten 28. edizioa bete du. Estatu osoko 70 arkularik parte hartu dute, bi modalitatean banatuta: arku konposatuan eta arku tradizionalean.
Erkidegoetako txapelketetan lehen hiru postuetan geratutako arkulariak sailkatzen dira Espainiako txapelketarako, Galdos eta Gorrotxategi bezala. Bi legazpiarrak arku konposatuaren modalitatean lehiatu dira, eta estatu mailako bosgarren eta hamahirugarren geratu dira, hurrenez hurren.
Legazpiarrek ez, baina euskal federazioko beste bi ordezkarik lortu zuten podiumera igotzea: Beñat Iglesias kadeteak bigarren egin zuen arku konposatuarekin, eta Mikel Aranzabal seniorra hirugarrena izan zen arku tradizionalarekin.














