Igeri egiteko erronka luzatu die Aktibatu Legazpi egitasmoak herritarrei
Martxoaren 2tik 30ra igerian egindako metroak batu, eta Brinkola, Oñati edo Zumarragara arteko ibilbideak egiteko adina lortzea da erronka. Partaideen artean sariak zozkatuko dira.
Legazpiko herritarrak ariketa fisikoa egitera bultatzeko helburuz udalak martxan jarritako Aktibatu Legazpi egitasmoak erronka bat luzatu die legazpiarrei. Igerilekuko Erronka da, eta martxoaren 2tik 30era bitartean Bikuñako igerilekuan igerian egindako metroak batu, eta Brinkola, Oñati edo Zumarragara arteko ibilbideak egiteko adina lortzean datza.
Aktibatu Legazpi proiektuko arduradunek azaldu dutenez, “proposamen ludiko eta osasungarri honek herritarrak igeriketa egunerokoan txertatzera, eta igerilari bakoitzak bere erronka pertsonala gainditzera animatu nahi ditu, osasuna eta ongizatea ardatz hartuta”.
Erronkan parte hartzeko nahikoa da igerilekuko sorosleari izena ematea, eta egunero igerian egindako distantzia jakinaraztea. Partaideei eskatzen zaie gutxienez zortzi egunetan egiteko igeri jarduna. Markak edo metro kopuruak arbel batean jarriko dituzte ikusgai, parte-hartzea eta motibazioa indartzeko helburuz. Partaideen artean sariak zozkatuko dituzte.
Erronka honen leloa Besakada bana osasunaren alde! du.













