24. Korrika girotzeko ekitaldi sorta izango da martxoan
Zumarragan ‘Euskaldunak: etxean arrotz’ dokumentala izango da bihar. Korrika Txikia eta bazkaria egingo dituzte igandean Gaintzan. Korrikako petoak erosteko postuak jarriko dituzte hainbat herritan.
Orain bi urte bezala, Gaintza Korrika Txikia egingo dute igandean. Hitza Martxoaren 19a gero eta gertuago dago. 24. Korrika Atharratzen (Zuberoa) hasiko den egunerako gero eta gutxiago falta da. Goierrira Korrika martxoaren 28an iritsiko bada ere, dagoeneko hasi dira herrietan Korrika girotzeko ekitaldiak. Hasteko, Zumarragako Zelai Ariztin, bihar, 18:30ean, Euskaldunak: etxean arrotz dokumentala izango da ikusgai. Azpeitiko Zaparraie euskara taldeak eskatu eta Kulturazek ekoitzitako dokumentala da.
Legorretan, musika
Bestetik, Legorretan, ostiralean, 22:30ean, Ezpalak eta Denak taldeen kontzertua izango da Herri Antzokian, eta larunbatean, Legoreagge musika jaialdia.
Korrika Txikia, Gaintzan
Haurren Korrika Txiki gehienak Korrika iritsi bezperan egingo badira ere, duela bi urte bezala, Gaintzan ibiliko dira bizkorren. Igandean, martxoaren 8an, 12:00etan Korrika Txikia egingo dute eta ondoren, 14:00etan, bazkariaren bueltan elkartuko dira gaintzarrek Oin Bide elkartean.
Peto salmenta
Aurtengo Korrikan bada berritasun bat: egunean bertan ez da petoak salduko dituen furgonetarik pasako. Beraz, aurretik erosi beharko direnez, peto salmenta bereziak antolatzen ari dira herriz herri. Ordiziaren kasuan, larunbatean, 16:00etatik aurrera Herri Antzokian eta martxoaren 8an, 12:00etatik 14:00etara bitartean udaletxeko arkupean izango da aukera.
Zaldibian, hilaren 6an, 13an eta 27an, 17:30etik 20:30era bitartean jarriko du Korrikako materiala eta petoak saltzeko mahaia.
Martxoaren 10ean
Azkenik, martxoaren 10ean, Ordizian, Korrika jolasak eta Errigorako produktuen dastaketa egingo dituzte plazan, Erramun Amundarain zena omentzearekin batera. Urretxuko Labeagan azkenik, 18:30ean, Jon Plazaola eta Maria Cruickshanken bakarrizketa saioa izango da.













