Emakumezkoen Euskadiko txapelketa Seguran jokatuko da
Martxoaren 8an, emakumeen egunarekin egokitu da hitzordua. Euskaldun Torneorako puntuagarria izango da Segurako lasterketa.
Zatikako emakumeen taldeko txirrindulariak otsailean Oreretan. Zatika taldea izango da Seguran Goierriko ordezkari bakarra.Zatika Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko egunean jokatuko da aurten Seguran, emakumeen Euskadiko Txirrindularitza Txapelketa. Lasterketa hau gainera, emakumezkoen Euskaldun Torneorako puntuagarria ere izango da. Kadete mailatik hasita, elite mailara arteko txirrindulariek hartuko dute parte bi lasterketetan. Segurako Txirrindulari elkarteak boluntarioak behar ditu igandeko proben antolakuntzan laguntzeko. Emakumeen lasterketa izanik, emakumeei egin diete bereziki, laguntzera gerturatzeko deia.
Bi lasterketa jokatuko dira igandean. Kadeteen mailako lasterketa izango da lehena, 9:30ean Segurako plazatik irtenda. Guztira, 38 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute eta azken kilometroetan igo beharko duten Zeraingo mendatea izango da karrerako aldapa puntuagarri bakarra. Gazte, 23 urtez azpiko eta elite mailako txirrindularien lasterketa izango da ondoren, 11:00etan. Segurako plazan hasi eta amaitu beharko dute lasterketa, 60 kilometroko ibilbidea osatu eta Lierniko gaina hiru aldiz gainditu eta gero. Lasterketako Segura Sariaz gain, emakumeen Euskadiko Txapelketako irabazleak ere erabakiko dira Seguran, igandean.
Emakumeen txirrindularitza
Zuzendaritza berriak Segurako Txirridulari elkartearen ardura hartu zuenetik izan du helburuen artean emakumezkoen txirrindularitza hauspotzea. «Hasieratik izan dugu garbi emakumezkoen lasterketak antolatu behar genituela, aurreko zuzendaritzak hartua zuen bideari jarraipena emanez», esan du Joanes Imaz elkarteko kideak.
Zuzendaritza taldeak boluntarioen laguntza ere beharrezkoa izaten du lasterketak antolatzerako orduan eta oraingo honetan ere, segurarrei dei egin diete igandean laguntzera hurbiltzeko. «Zorionez, gure boluntario taldea oso zabala da eta ondo moldatzen gara, baina %90etik gora gizonezkoak dira. Kasu honetan lasterketa martxoaren 8an egokitu denez eta emakumezkoen lasterketa bat izanik, bereziki dei egin nahi diegu emakumeei boluntario gisa laguntzera etortzeko», azpimarratu du.
Lehenengo aldiz joango direnei bidegurutzeetan egin beharreko lanen azalpena emango diete lasterketak hasi aurretik, igandean. Gainera, hala nahiago duenak, «eskarmentudun laguntzaile bat» ere izango du. Boluntarioentzako hitzorduan 8:30ean egin dute plazan. Laguntzeko prest daudenak segurakotxirrindularielkartea@gmail.com helbidera idatzi edo 692 705 331 telefono zenbakira mezu bat bidali dezakete.
Imazek elkartea urtero laguntzen duten babesleei ere eskerrak eman dizkie, «denboraldi berria martxan jarri dugu dagoeneko; iazko babesleen %99k baiezkoa eman digute aurten ere eta hori eskertzekoa da», amaitu du.












