III. Trikiti Jaialdia egingo dute Lazkaon larunbatean
Jaialdian eskuratzen den dirua Kilometroak antolatzen laguntzeko bideratuko du Lazkao Txiki Musika Eskolak. Trikiti munduko jendea elkar ezagutzea ahalbidetzen dute horrelako jaialdiek.
Lazkaoko II. Trikiti jaialdiaren irudia, iaz, plazako frontoian. Tere Madinabeitia Lazkaoko Trikiti Jaialdia Areria aretoan egingo dute larunbatean, 12:00etan. Hirugarren aldiz egiten den jaialdia da. Ondoren, bazkaria Kilometroak taldekoek eskainiko dute Ikastolan. III. Trikiti Jaialdia San Benito Ikastolako Kilometroak taldekoekin elkarlanean zergatik antolatu duten azaldu du Eider Tolosa Lazkao Txiki Musika Eskolako trikiti irakasleak: «Jaialdian lortutako dirua Kilometroak antolatzen laguntzera bideratuko da». Jaialdirako 150 sarrera inguru eta bazkarirako 85 txartel saldu dira.
Gonbidatuak
Goizeko emanaldian Musika Eskolako ikasleek eta gonbidatu «bereziek» parte-hartuko dute parte. Gonbidatu goierritarren artean hiru talde daude: Lazkaoko eta Zaldibiako Iker Makibar, Itziar Iraeta, Natale Gutierrez eta Aiara Aizpurua; Lazkao, Idiazabal eta Ataungo Iker Sukia, Aritz Markinez, Daniel Oiarbide eta Peio Urdangarin; eta azkenik, Uxue eta Arene ahizpa beasaindarrak ere arituko dira. Horiez gain Goierrikoak ez diren gonbidatuek ere parte hartuko dute.
Bazkalondoan trikitilariek instrumentuak «jotzen» hasteko ohitura dute, eta dantzaldia jendea «animatzearen» baitan izaten da. Bazkalosteko jaia ikastolako patio estalian egingo dute, 19:00ak arte. Dena den, Tolosaren esanetan, giro «ona» baldin badago herrian zehar «trikia joaz» jarraituko dute festa. Iazko bazkalostea, gaueraino, 21:30eraino «luzatu» zitzaiela gogoratu du Tolosak: «Ixurrene jatetxean bazkaldu genuen eta bazkalostean jendea dantzatzera animatu zen».
Txapelketatik jaialdietara
Duela urte batzuk trikiti txapelketak egiten baziren ere, azken urteetan jaialdiak egitera zergatik «aldatu» zuten azaldu du Lazkao Txiki Musika Eskolako trikiti irakasleak: «Lehiakortasuna baino gehiago trikiti munduko jendea elkartzea lehenetsi nahi dugu». Trikitilariek Lazkaon dute hitzordua.













