Irakurzaletasuna sustatzeko kanpaina, hamaika bizitza bizitzeko aukera
Martxoan eta apirilean banatuta, hainbat ekintza antolatu ditu udalak, haur, gazte, hezitzaile zein helduei zuzenduta. Jarduera guztiak doan dira.
Adur Ugartemendia alkateordea eta Rebeka Piñeiro liburutegiko arduraduna, kanpainaren aurkezpenaren ondoren.Laida Goiburu Irakurzaletasuna sustatzeko 2026ko kanpaina aurkeztu du Beasaingo Udalak, Irakurri eta hamaika bizitza bizi leloarekin. Martxoan eta apirilean banatuta, hainbat ekintza antolatu ditu, haur, gazte, hezitzaile zein helduei zuzenduta. Udal liburutegian egin dute aurkezpena Adur Ugartemendia alkateordeak eta Rebeka Piñeiro liburutegiko arduradunak.
Ugartemendia irakurtzeak dakartzan onuraz aritu da hizketan aurrena, leloari erreferentzia eginda: “Irakurketa ez da denbora pasa hutsa. Beste begirada batzuk ezagutzeko aukera da, gure mundua zabaltzeko tresna eta, azken batean, pertsona eta komunitate gisa hazteko modu bat”. Gaur egungo gizartearen testuinguruan, “informazio azkarra, pantaila etengabeak eta edukien kontsumo bizkorra nagusi” direnean, irakurketak “jakin mina pizten, irudimena lantzen eta pentsamendu kritikoa indartzen” laguntzen duela nabarmendu du: “Irakurtzea gelditu, hausnartu eta sakontzeko ariketa ere bada, eta horrek balio berezia du. Irakurketak autonomia intelektuala ematen digu, iritzia eraikitzeko gaitasuna eta errealitatea modu konplexuagoan ulertzeko tresna”.
Antolatutako ekitaldi gehienak euskaraz direla azpimarratu du Ugartemendiak, udalaren “konpromiso” gisa azalduta: “Irakurzaletasuna sustatzea, euskararen erabilera indartzea eta udal liburutegia kultur topagune bizia bihurtzea”. Udal liburutegia herritarren arteko “elkargune” bihurtzea nahi dute, eta horretarako adin guztietako herritarrei zuzendutako egitaraua prestatu dute: “Liburutegia ez dugu soilik mailegu zerbitzu gisa ulertzen, herritarren arteko elkargune, sormen gune eta eztabaidarako espazio gisa baizik”.
Irakurle taldeak, sendo
Egitarauko jarduera guztiak doan izango dira. “Irakurketan inbertitzea etorkizunean inbertitzea da, irakurle diren gazte eta haurrek tresna gehiago dituztelako beren bidea eraikitzeko, irakurle diren herriek komunitate sendoagoak eta kritikoagoak eraikitzen dituztelako”, amaitu du alkateordeak.
Piñeirok, berriz, Beasainen martxan dauden irakurle taldeekin hasi du hitzartzea, kanpainaren ardatz nagusietako bat irakurle taldeak izango baitira. Azken urteetan talde horiek “egonkortzen eta eskaintza zabaltzen saiatu” dira, eta gaur egun haur eta gaztetxoentzako lau talde daude: “3 eta 5 urte arteko haurren familientzako bi talde, beste bat 6 eta 8 urte arteko haurren familientzat eta bestea 8 eta 12 urte arteko gazteentzako komiki taldea”. Liburutegiko arduradunaren esanetan, irakurketara “modu erakargarriago eta parte hartzaileago batean hurbildu daitezen” sustatzea da talde horien helburua. “Ez da soilik irakurtzea, esperientzia partekatu bat sortzea da, irakurketarako lotura afektiboa indartuz”. Horiez aparte, helduen euskarazko irakurle taldea udal liburutegian elkartzen da hilean behin, asteartez, urritik ekainera, eta irakurle eskola feminista abiatuko da Iratxe Retolazaren gidaritzapean apirilaren 22an.

'Irakurri eta hamaika bizitza bizi' kanpainako egitaraua
- Martxoak 10: Haur eta familien irakurketa kluba, 6-8 urte. Udal liburutegian, 17:00etatik 18:00etara.
- Martxoak 11: Haur eta familien irakurketa kluba, 3-5 urte. Udal liburutegian, 17:00etatik 18:00etara.
- Martxoak 12: Zer da ezkutuan duzun hori? liburuaren aurkezpena, Sorlasean elkartearekin. Udal liburutegian, 17:30etik 18:30era. *
- Martxoak 18: Artimañas ahozko narrazio saioa, Ana Apikarekin, pertsona helduei zuzenduta. Udal liburutegian, 17:00etan. *
- Martxoak 23: Sísifo y las redes sociales liburuaren aurkezpena eta solasaldia Julen Linazasororekin (MacSonrisas elkartea). Udal liburutegian, 17:00etatik 18:30era. *
- Martxoak 24: Helduen irakurle taldea. Ane Labaka Mayozen Hezur berriak. Udal liburutegian, 17:30etik 19:00etara.
- Martxoak 25: Liburu bat opari saioa, Dorleta Kortazar Alkozekin. Udal liburutegian, 17:00etatik 19:00etara. *
- Martxoak 26: Haur eta familien irakurketa kluba, 3-5 urte. Udal liburutegian, 17:00etatik 18:00etara.
- Apirilak 14: Haur eta familien irakurketa kluba, 6-8 urte. Udal liburutegian, 17:00etatik 18:00etara.
- Apirilak 15: Liburu gomendioen trukea, Dorleta Kortazar Alkozen gidaritzapean. Udal liburutegian, 17:00etatik 19:00etara. *
- Apirilak 16: Mundua pitzatuta dago liburuaren aurkezpena, Harkaitz Cano egilearekin. Udal liburutegian, 17:00etatik 18:00etara. *
- Apirilak 17: Gazteen komiki taldea, 8-12 urte. Udal liburutegian, 17:00etatik 18:00etara.
- Apirilak 19: Harkaitz Canoren Mundua pitzatuta dago liburuan oinarrituta, Tanttaka Teatro konpainiaren antzezlana. Usurbe antzokian, 17:00etatik 18:00etara. *
- Apirilak 21: Helduen irakurle taldea. Truman Capoteren Odol hotzean (Xabier Olarraren itzulpena). Udal liburutegian, 17:30etik 19:00etara.
- Apirilak 22: Irakurle eskola feministaren lehen saioa, Iratxe Retolazak gidatuta. Oriamendi kalea 18, behean, 18:00etatik 20:00etara. *
- Apirilak 23: Liburuaren eguneko irudizko trena tailer interaktiboa, Irrikazu Animazioa taldearekin. Loinazko San Martin plazan, 16:45etik 18:45era.
- Apirilak 25: Beasain idazlehiaketako sari-ematea. Igartzako jauregian, 12:00etan.
*Ekitaldi horietan izena eman behar da, Udal Liburutegian.













